Donostia, 2016ko abenduaren 15a. Datorren ostiralean, Donostiako Antzoki Zaharrean 19:30etik aurrera egingo den galan, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, 53. edizioan, emateko ekitaldia izango da.
Joan zen urtarrilean egin zen deialdia kontakizun- eta antzerki-modalitateetan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta erabakia irailean eman zuten jakitera epaimahaiek: gaztelaniazko modalitateetan, Madrilgo Francisco López Serranok irabazi zuen kontakizun-liburuen atalean “Un momento señor verdugo” lanarekin, eta Murtziako Raquel Pulidok antzerkikoa, “Memoria de prácticas” lanarekin. Bestalde, Gipuzkoako bi idazlek irabazi zituzten euskaraz idatzitako lanentzako sariak bi modalitateetan: Aritz Gorrotxategi Mujikak “Zer egingo dugu orain opariekin?” kontakizun-liburuarekin, eta Luis Elizetxea Iturburuk “Argiaren hautsa” antzezlanarekin.
Lehiaketa honetako sariak 15.000 euro eta garaikurra dira antzerki-modalitateko irabazleentzat, eta 10.000 euro eta garaikurra kontakizun-liburuen modalitateko irabazleentzat. Sariak salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik. Gainera, datorren ostiralean bertan aurkeztuko dira inprimatuta lan irabazleak, literatura-lehiaketa honen beste gauza erakargarri bat.
“Happy End”
“Vaivén” taldeak animatuko du sariak emateko ekitaldia eta “Happy End” (Arin hiltzeko) antzezlana, komedia beltza, aurkeztuko du. Happy End elkarte klandestino bat da, eta bere buruaz beste egin nahi dutenei helburua betetzeko laguntza ematen die elkarrekin harremanetan jarriz. Aldez aurretik beste pertsona bati bere buruaz beste egiten laguntzearen truke, azken unean lagunduko dion norbait aurkitzera konprometitzen da Happy End. Elkartea krisialdiaren babesean loratu da, baina azkenaldian, kimu berdeen eta gero eta handiagoa den baikortasunaren eraginez, suizidak gutxitzen hasita daude. Alegia, mundua krisitik irteten ari denean, Happy End krisian sartzen ari da…
Guztira 388 lan aurkeztu dira lehiaketara
2014an huts egin ondoren, Sarietarako deialdia bat etorri zen Donostia 2016an Europako kultura-hiriburu izendatzearekin. 388 lan aurkeztu ziren guztira. Gaztelaniazko antzerki-modalitatean aurkeztu dira lan gehien: 207. Ondoren, kontakizun-liburuak izan dira gehien, hauek ere gaztelaniaz: 157. Euskarazko parte-hartzaileak 24 izan dira guztira: 13 antzerki eta 11 kontakizun-liburu. Jatorri geografikoari dagokionez, Madriletik iritsi dira lan gehien, 114 lan, alegia. Halaber, atzerriko 13 herrialdetatik 37 lan iritsi dira sariketara, oraingoan ere Argentinatik gehien, 12 izan baitira.
Epaimahaiak
Lau modalitateetako bakoitza erabaki duten epaimahaiak honako hauek izan dira:
Gaztelaniazko antzerkia: Mikel Azpiazu, Teresa Calo, Carlos Zabala, Fernando Bernués eta Manolo Gómez.
Euskarazko antzerkia: Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Dorleta Urretabizkaia, Arantzazu Fernández Iglesias eta Patri Urkizu.
Gaztelaniazko kontakizun-liburua: Luisa Etxenike, Miguel Ángel Rodríguez Matellanes, Ángel Basanta, Fernando María eta Espido Freire.
Euskarazko kontakizun-liburua: Itxaro Borda, Joxe Mari Iturralde, Maria Jose Olaziregi, Pako Aristi eta Jon Kortazar.