Donostia, 2016ko abenduaren 1a. Alberto Schommer… modernitaterantz, gasteiztar artistaren lanaren erakusketa osoa, Kutxa Kultur Artegunearen erakusketa-proposamena da Kutxak Tabakalera eraikinean duen areto berriaren bigarren urtean. Lehenengo urtea oso-osorik Historia partekatuak. XX. mendea Kutxa bilduman erakusketak hartu du, 102.262 pertsona izan direlarik ikusten.
Alberto Schommer erreferenterik garrantzitsuenetako bat da herrialde honetako argazkigintzan. Haren lan guztiaren ezaugarria nortasun ahaltsua izan da eta haustura formalerako borondate etengabea, era guztietako eremu estetikoak esploratzera eraman duena. Hemen dago haren plataforma Modernitaterantz. Erakusketa honekin, Arteguneak hasi duen programazioa erabat argazkigintzari emana izango da 2017an.
Kutxak beti izan du konpromiso berezia arte-adierazpide konplexu eta heterogeneo honekin, ardatz garrantzitsua izanik Kutxa Fundazioaren beste erakusketa-aretoen programazioan. Eta ez da ahaztu behar argazkigintza berreskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko Tabakaleran bertan dagoen Fototeka Kutxaren bidez egiten duen ahalegin handia.
Ikusgai jarri diren lan gehienak Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumakoak dira, hain zuzen ere, Alejandro Castellote komisario zela 2010ean egindako Alberto Schommer. Atzera begirakoa 1945-2009 erakusketaren ondoren Alberto Schommerrek museoari emandakoaren parte dira. Erakusketa osatzeko Schommer Fundazioko beste lan batzuk daude, ez hain ezagunak, Nicolás Caslak, argazkilariaren ilobak, egindako aukeraketaren arabera.