Donostia, 2016ko abenduaren 1a. Onkologikoak eta Musikenek proiektu berritzaile bat partekatuko dute datozen lau urteetan, Musikoterapiaren eremuko ikerketa-lan baten parte gisa. Hori dela-eta, asmo handiko lankidetza-hitzarmena izenpetu dute biek, eta horren edukia gaur goizean azaldu dute hedabideen aurrean bi erakundeetako zuzendari nagusiek: Miren Iñargak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren izenean, eta Ander Urrutikoetxeak, Kutxaren Onkologia Institutuaren izenean.

Ander Urrutikoetxeak adierazi du proiektuak zorrotz betetzen dituela Onkologikoaren sorrerako helburuak; alegia: gure inguruko gizarte-eragileekin lan egitea, gaixo onkologikoentzako laguntza hobetzea, eta ikerketa aplikatuaren bidez ebidentzia sortzea.

Eta jarraitu du esanez minbizia duten gaixoentzako musikoterapia-programa hau bertan ordezkaturiko hiru erakundeen lankidetzaren emaitza dela, eta bi arreta-gunerekin hasiko dela: alde batetik, musikoterapian prestatzeko programa Musikeneko ikasleentzat eta Onkologikoako profesionalentzat, musikoterapia gaixo onkologikoekin erabiliz; eta bestetik, ikerketa-proiektua, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko musikoterapiaren balioaz ebidentzia berria sortzeko. Onkologikoan pertsonaren zaintza integralerako arreta hobetzearen alderdi guztiei ematen zaien garrantzia azpimarratu du, azken teknologiaz edo tratamendu medikoez haratago. Gaixoaren esperientziaren arloko berrikuntza funtsezko garapen estrategikoaren jardueretako bat da Onkologikoan. Amaitzeko, esan du programa hau zabalik dagoela gure inguruan minbizia duten gaixo guztientzat.

Miren Iñargak azaldu du Musikene proiektu honetan sartu dela gizartearentzat onuragarri izan nahi duelako ikastegiko ikasleen heziketaren bidez, ez bakarrik musikaren arloan, baita balioetan ere, eta musikaren bidez gizarte hobea izaten laguntzeko. Proiektu guztiz berritzailea dela nabarmendu du, duela urte batzuk sortu zela ideia, eta ospatzekoa dela izan duen zori ona, hots, Onkologikoak proiektuan sinestea eta finantzatzea.

Proiektua bi ardatz handiren inguruan antolatzen da:

- Musikoterapia-lana gaixoekin. Hiru fase ditu: 1. Prestakuntza Musikenen irakasle, erizain eta borondatezko ikasle talde batentzat. 2. Pertsona talde horien lana gaixoekin. 3. Prozesu honen guztiaren ebaluazioa ikerketa-proiektu bat eginez. Lehenengo ikastaro hau urtarril, otsail, martxo eta apirilean egingo da.

- Musikazko kapsulak. Formatu txikiko kontzertuak Onkologikoan mundu guztiarentzat irekiak eta doako sarrerarekin. Goizez lau kontzertu izango dira abenduan, urtarrilean, otsailean eta maiatzean, oraindik zehaztu gabe dauden egunetan.

Pablo Berastegik, Donostia San Sebastián 2016 zuzentzen duenak, mezu bat bidali du DSS2016-k proiektu hau bultzatzeko dituen arrazoiak azalduz, eta batez ere kultura-hiriburutzarekin partekatzen dituen balioak azpimarratu ditu.

Proiektuaren beste xehetasun batzuk Musikeneko Mari Jose Aranberri eta Antonio Domingo irakasleek azaldu dituzte adibide eta musikaren bidez.