Donostia, 2016ko urriaren 26a. Donostiaren kultura-hiriburutza dela-eta, Kutxa Fundazioa hiriko kultura-hitzordu nagusietako bati atxiki zaio: Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteari, alegia. Bere 27. edizioan, Astea Japoniako zinemaren ingurukoa izango da, dagoeneko unibertsala den iruditeria eraiki baitu.
Honela, Kutxa Kultur Plaza erakusketa-gunean (Tabakalera eraikineko 4. solairuan) 2016ko urriaren 27tik abenduaren 11ra bitartean Momotaro (Kamishibai istorio bat) proiektua izango da ikusgai, Judas Arrieta artistak eta Harkaitz Cano idazleak gauzaturiko proiektua. Bi sortzaileak Japoniako ahozko tradizio bat, Kamishibai deitua, berrikusteko eta egokitzeko elkartu dira.