Donostia, 2016ko urriaren 20a. 10:00 eta 20:00 arteko programa betea izango da datorren larunbatean, urriak 22, Tabakalera eraikineko bi gunetan, eta hor gauzatuko da Solidaritatearen 5. Foruma, Gipuzkoa Solidarioak ─Gipuzkoako elkarteak elkarrekin komunikazioan jarri eta egiten dituzten jarduerak gehiago ezagutzen laguntzen duen sareak─ sustaturikoa. Forumaren programa eta lortu nahi dituen helburuak gaur, osteguna, goizean aurkeztu dira Ruiz Balerdi aretoan.
Gipuzkoa Solidarioa sarearen bultzatzailea den Kutxa Fundazioarekin batera, aurkezpenean izan dira GENE, Jatorkin, SOS Arrazakeria eta Emaus elkarteen ordezkariak, programazioan parte hartuko duten 45 elkarteetako batzuk, alegia. Programazioa konpromisoan oinarritua dago eta kolorea, beroa, musika… izango ditu, baita sinadura-saioa ere, Realeko hockey taldeko jokalarien eskutik. Atzegi-ko zinema- eta bideo-taldeak ekitaldi guztiak filmatuko ditu egunean zehar.
Tabakalerako Patioan 30 elkarteren standak egongo dira, beren proposamenak aurkeztu eta partekatzeko. Beste 15 elkartek ere hartuko dute parte programaturiko dinamiketan. Eta Forumera etortzen den jendearen inplikazioa sustatzeko, eta elkarte guztietara erraz iritsi ahal izateko, erakundeak sei ibilbide ezarri ditu.
Eraikin berean Foruma hartuko duen beste gunea Kutxa Kultur Plaza da, eta hor Elkarteen Txokoa egongo da; goizean prestakuntza-dinamikan hartuko dute parte, eta arratsaldean Elkarteetako Emakumeen Topaketa egingo da, eremu honetan emakumeak egiten duen lanari ikusgaitasuna ematen saiatzeko, gehiengoa baitira boluntariotza edo borondatezko lanean eta, hala ere, protagonismorik ez dute.
Elkartasunaren 5. Forumaren jardunaldia batukadarekin irekiko da, eta ondoren itsukako saskibaloia, gluzemia-probak, ipuin-kontalariak, musika-jarduerak [Jose Mari Soroa (Nagusilan) edo Aita Menni taldea], jolas kooperatiboak, euskal dantzak …, izango dira; Kilometroak-eko aztarna solidarioari buruz egindako argazki-rallyko sariak ere banatuko dira, eta azken zatian Emaus Fundazioaren ekimena “Herritartasun Unibertsalaren Pasaporteaz".