Prentsa-oharra word formatuan

Donostia, 2016ko apirilaren 21a. Gonzalo Chillidaren ibilbidea berrikusteko lehenengo atzera begirako handi honek aukera ematen du artista honen sorkuntza-unibertsoan murgiltzeko eta koherentziaz beteriko lana aurkitzeko. Olio-margolan, marrazki, grabatu eta argazki sorta honetan, bost hamarkada hartzen dituen ibilbidea dago: hasi Gonzaloren lehenengo garaiko paisaia eta natura hil konstruktiboetatik, eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko urteetako esperimentu abstraktuetatik igaroz, haren margolaritzaren funtsezko gaietara iristen da: hondarrak, itsas ikuspegiak, zeruak eta basoak.


Erakusketa hau kubo-kutxa Aretoaren bigarrena da Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren programazio bereziaren barruan; bere komisarioak Alicia Chillida eta Mikel Lertxundi izan dira; gaur arratsaldean izango da hasiera emateko ekitaldia, eta bihar irekiko da jende guztiarentzat eta uztailaren 3ra arte izango da bertan.

Chillida mugako margolaria da, plastikaren arloan abstrakzio eta figurazio artean dabilena, eta erreferentzia-arloan lehorraren eta itsasoaren, itsasoaren eta zeruaren, gauaren eta egunaren, irudiaren eta hutsaren arteko mugetan. Azken batean, ñabarduraz beteriko lan baten egilea da, isiltasunaren poetikak menderatutako ideia transzendental baten zerbitzura jartzen duena.

...