Berriro ere Kutxaren ekitaldi-aretoan (Donostiako Andia kalean) izango da Ganbera Musikako zikloa, Kutxaren Gizarte Ekintzak sustatu eta antolatua, Musikene, Donostia Musika eta El Diario Vasco-ren laguntzaz. Zikloaren zazpigarren edizioak aurreko bi urteetan esperimentaturiko eredu arrakastatsua errepikatuko du, eta beraz kontzertuak ostiraletan izango dira, aldaketa txiki batekin: 19:30ean izango dira. Beti bezala, sarrera libre izango da aretoko jarlekuak bete arte.
Ganbera Musikaren zazpigarren zikloa datorren ostiralean, otsailaren 12an, hasiko da “Saxoen Ensemble”ren ekitaldiarekin; talde hau Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko Saxofoi Ikasgelako ikasleekin osatzen da urtero. Sortu zenetik ia beti Eric Devallon irakasleak zuzendu du, baina gaur egun Thomas Barthelemy eta Miguel Ángel Lorente irakasleak eta interpretatzaileak dira zuzendariak. Talde honek transkripzio barroko, klasiko edo erromantikoetatik gure egungo musikaraino doan errepertorioa hartzen du.
Kutxako ekitaldi-aretoan arituko den Ensemble honetako kideak hauek dira: María Luzuriaga eta Adrián Carro (saxofoi sopranoa); Koen Van de Velde eta Xabier Oruesagasti (saxofoi altua); Miguel Ángel Lorente eta Catalina Sánchez (saxofoi tenorra); Ángel Hernández eta Thomas Barthelemy (saxofoi baritonoa); eta Víctor Moreno (saxofoi baxua). Taldearen musika-proposamena Bach-engandik Britten-enganaino doa, Haydn, Dukas, Chopin eta Turina-rekin; barrokotik XX. menderaino, interpretatuko duten maisuetako bakoitzaren klasizismo, erromantizismo, nazionalismo eta inpresionismotik igaroz.
Ganbera Musikaren VII. zikloak martxoaren 4an jarraituko du, bi laukotek partekatuko duten saio batean: Kairos eta Köner, Mendelssohn eta Schubert-en lanekin. Gero, apirilaren 22an, Haize Ensemble bat izango da Mozarten musikaz; horren atzetik, maiatzaren 6an, Kandinsky seikotea; eta maiatzaren 27an, hirukote batekin amaiera.
Azken urteotan formatu honekin egin diren Ganbera Musikako kontzertu guztiek bete izan dute Andia aretoa; edizio bakoitzean 1.300 lagun inguruk gozatzen dute interpretatzaile gazteen musika honetaz kutxaren ekitaldi-aretoan.