Donostiari buruzko Azterketa Historikoen Buletinaren 50. alearekin batera aurkeztuko dute.
"Historia Donostiarraren Doctor Camino Taldeak" 50 urte betetzen ditu gaur. Taldeak egindako lan garrantzitsuak bere babesle den erakundea, Kutxa Fundazioa, bultzatu du Taldearen Aktak argitaratzera liburu zaindu batean, bere historiaren eta bizitzaren sarrerarekin aberastuta Juan Agirre Sorondoren eskutik.
1966an, Historia Donostiarraren Doctor Camino Taldea sortu zenean, oso gutxik aurreikusiko zuten bere Azterketa Historikoen Buletinean 600 artikulu bilduko zirela hiriaren iraganaz, eta ia ehunen bat liburu monografiko aterako zituela inprimategitik.
Bere bizialdiko mende-erdi honen balantzea eginez, arrakastazko historiaz hitz egin daiteke, gaur egun Institutua denak ongi bete baitu sortzerakoan izan zuen helburua: ikertzaileak elkartzea eta ahaleginak batzea iragan lauso bat argitzeko; beren lana egiteko bitartekoak ematea; eta emaitzak bildu eta jendarteratzea, donostiar herriak denboran zehar izan duen errealitatea ezagutzen laguntzeko. Eta hori ezinezkoa izango zatekeen aurrezki-erakunde dekanoak, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak, eman zion laguntzarik gabe.
1963an hasi zen guztia, “Hiriaren Berreraikitze eta Hedapenaren Mendeurreneko Ospakizunak (1813-1863-1963)” antolaketa-batzordea eratu zenean, historia garaikidearen balio positiboak azpimarratu eta nabarmentzeko asmoz. Eta hori hiriaren iraganeko eta egungo errealitateari buruzko jakintza jendarteratzeko, monumentuak zaharberritu eta berreskuratzeko, eta lehentasunezko interesa duten lan argitaragabeak edo agorturiko lanen berrargitalpena eta zabalkundea egiteko.
Erakunde berria hiriaren iraganari buruzko ikerketan eta azterketan ardaztuko zen batez ere, "agiritegi edo dokumentu-artxibo urritua berreskuratu eta berregiteko, eta egiten diren aurkikuntza historikoak donostiar guztien artean zabaltzeko".
Jarduteko lege-esparrua ziurtaturik, baliabide materialak behar ziren. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak 50.000 pezetako ekarpena egin zuen hasteko. 1966 eta 1973 artean erakundearen aurrekontua 300.000 pezetatik 500.000ra igo zen. Alde Zaharreko egoitza ireki ondoren liburutegi eta guzti, 800.000 pezetako aurrekontua gainditu zen urtean. Gero eta handiagoak ziren premia hauek finantza-erakundeak ordaindu zituen kuota eta gainerako baliabideen bidez.
Honela, hamarkada haietan emankorra izan zen kultura-ekintzan sakondu zuen Gipuzkoako aurrezki-erakunde dekanoak, eta 1967an irten zen inprimategitik Donostiari buruzko Azterketa Historikoen Buletinaren lehen liburukia. Ordudanik, eta mende-erdi honetan argitaratu diren Donostiari buruzko Azterketa Historikoen Buletinaren berrogeita hamar zenbakietan, 200en bat egilek ia 600 artikulu idatzi dituzte askotariko gaien inguruan. Gaur egun, Doctor Camino Liburutegiak, historia eta bibliografia aldetik egundoko balioa duenak, 14.500 liburu eta dokumentu baino gehiago ditu.
Horregatik guztiagatik, Kutxa Fundazioak, Aurrezki Kutxa haren ondorengo gizarte-ekintzaz arduratzen den erakundeak, faksimile moduan argitaratzea erabaki du bai Taldearen Aktak eta bai Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren Argitalpen Zerbitzuarenak berarenak. Bukatzeko, asko pozten gara egindako lanaz, eta eskerrak eman nahi dizkiet hiri honen oroitzapen historikoak ezagutzeko mende-erdi luze honetan ekarpen esanguratsua egin duten guztiei.
Donostiari buruzko Azterketa Historikoen 50. Buletina
Argitalpen honekin batera, eta Taldearen ikerketa-lana jendarteratzeko funtsezko tresna gisa, argitaratu den azken Buletina, 50.a, ere aurkeztu da, Aurkibide oso-osoarekin batera, horrela hobeto kontrolatu ahal izateko donostiar eta gipuzkoar historiari egin dion ekarpen izugarria bere 600 azterlan, ohar eta kolaborazio baino gehiagoren bidez.
Liburukia Alvaro Aragon Ruano doktoreak XVII. mendeko gipuzkoar ekonomiari buruz egin duen azterketa dokumentatuarekin hasten da. Bere abiapuntua Glaziar Aro Txikia deituaren eragina ezagutzea da; XV. mendean hasi zen Europa osoan, eta bere eragina XVII. mendea oso aurreratu arte hedatu zen gure inguruko klimara, joan zen milurtekoan klima-irregulartasun handienekoa izan zen XVI. mendea gainditu ondoren. Gipuzkoako ekonomiak garai berrietara egokitu behar izan zuen eta ondasunen merkatu hutsetik "faktoreen merkatu" deitutakora igaro zen, errentariek, lur-erosle edo -saltzaileek eta kapital-maileguen harpidedunek osatua, ohikoak ez bezalako diru-sarrerak lortzeko.
Viajeros en la vieja San Sebastián azterlanean, 1813an suntsitu baino lehen hiritik igaro ziren zenbait bidaiariren begirada erakusten digu Pedro Berriochoa Azcarate doktoreak. “Bestearen begirada” hori historia eta kulturari buruzko lehen mailako informazio-iturria da, nahiz eta, esaten duen bezala, sarriegitan gutxietsi egin den. Klima, geografia fisiko eta humanoa, jarduera ekonomikoa (arrantza eta merkataritza, batez ere, hiriaren gorputzean, eta nekazaritza eta abeltzaintza harresiz kanpoko Donostia landatarrean), hiriaren deskribapena eta jendearen jarduera (baserritarrena nabarmenduz, lanerako gaitasun handiagatik), baita itsas portuena ere (bereziki Kontsuletxea aipatuz), biztanleen dotoretasuna, Motako gaztelua eta soldaduak, hiriko gobernua edo erlijio-bizitza: horiek dira, besteak beste, gure bisitariek, arrakasta handiagoz edo txikiagoz, jorraturiko gaiak.
Carlos Rilova Jericó doktoreak, bestalde, interes historiko-politiko handiko bi artikulu eskaintzen dizkigu, batez ere oso gutxi ezagutzen direlako berak azterturiko gaiak. Lehenengoan, berak aitortzen duen bezala, saiatzen da ahalik eta zehaztasun handienaz berregiten gipuzkoarren parte-hartzea bai Zazpi Urteko Gerraren (1757-1763) azken urteetan eta bai Amerikako Estatu Batuen Independentziaren kausan (1776-1783) eta horiek hirian izandako ondorioak; izan ere, bigarren hori behintzat XVIII. mendeko gertakizunik garrantzitsuenetako bat izanik, Europako eta Amerikako beste mugimendu iraultzaile batzuen hasiera eta hazia, ia erabat ahazturik baitago. Bigarren artikuluan, Carlos Rilovak berak viktoriar garaiko “Goi Politika” deitzen duena aztertzen du. Argitara eman gabeko gertaera bat, ia ezezaguna, baina Donostia mundu-mailako garrantzia zuten nazioarteko gai politikoen jokaleku bihurtu zuena, hartzen du: abentura mexikarra, 1864an Mexikoko Errepublikako Benito Juárez presidente liberalaren gobernuaren aldeko preso mexikarren gordetegi bilakatu zuena Donostia.
Antonio Prada doktoreak, bestalde, hiriko eliz munduaz egiten ari den ikerketa-ildoari jarraituz, oraingoan zera aztertu du: 1773an Graziazko Aulki (edo jarleku) baten aurkezpena Santa Teresa karmeldarren komentuan (1660an sortua antzinako Santa Ana basilikan) Komentuaren patroia zen Donostiako Udalaren aldetik, sor Nicolasa del Sacramento hil zenean.
Azkenik, Ana Peña Artearen Historian lizentziatu eta espezialistak, beti atsegina den arkitekturaren eta artearen munduan sartzen gaitu Donostiako Victoria Eugenia antzokiaz egin duen azterketa landuarekin, ateak 1912an ireki zituelarik Antzokiak.
Doctor Camino Taldearentzat eta Kutxa Fundazioarentzat berarentzat esanahi bereziko zenbakia denez, orain arteko 50 liburukien (honako hau barne) Aurkibide osoa sartu dugu amaitzeko. Bere zuzendariak, Jose Ignacio Tellechea Idigoras jaunak, 25. zenbakia argitaratu zenean egindako Aurkibidea erreferentziatzat harturik, Mª Rosa Ayerbe Iribar doktoreak orain arte argitaraturiko 50 liburukien, guztien eta bakoitzaren, Edukien Aurkibidea egin du; Egileen Aurkibidea, non, hurrenkera alfabetikoan, gaur arte Buletinean kolaboratu duten 188 autoreek egindako ekarpen guztiak eta bakoitza agertzen baitira; Gaien Aurkibidea, eta hemen, 27 sarrera edo deien bidez eta hurrenkera alfabetikoan, gehixeago edo gutxixeago asmatuta, zenbait gai zehatzen inguruan argitaraturiko artikuluak zerrendatzen dira; eta, azkenik, Terminoen Aurkibidea, toponimia, antroponimia eta kontzeptuei buruzkoa, 624 sarrera –beti bezala– alfabetoaren hurrenkeran jarriak (eta beste 31 sarrera Donostiarentzat bakarrik): honi esker, Buletinaren 50 urteotan metaturiko material eta informazio kopuru izugarriaren kontsulta erraztea espero da; horretarako autore honek, pazientzia handiz, lan zaila eta zehaztasun handikoa egin du, Buletina “informazio-gordailu” huts izan ordez benetako “jakintza-iturri” izan dadin.
Argitalpen hauek Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan aurkeztuko dira ostiralean, hilak 15, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera doan lekua bete arte.
Prentsa-oharra (deskargatu word formatuan)