Paloma Navaresek (Burgos, 1947) gorputza eta teknologia, egunerokoa eta apartekoa, historiaren memoria eta etorkizuneko ametsa edo amesgaiztoa hibridatzen dituen lengoaia bat garatu du. Bere obra aurkezteko euskarri sorta zabala erabiltzen du –instalazioak, argazkia, bideoa, performancea, eskultura, marrazkia, pintura eta abar–, haiek fabrikazio industrialeko objektu eta materialekin konbinatuta. Emaitza gisa, gero eta objektu desmaterializatuagoak ekoizten ditu, argiaren gardentasuna eta arintasuna xurgatzen dutenak; aitzitik, haren bideo-instalazioek eskulturen irmotasuna dute, eta espazioa menderatzen dute arkitektonikoki.
Navaresen obrak argiztapen eta gardenki gisa ageri dira, materia ukatzen duen hauskortasun batekin. Irudi argitsuak eta ilunantzekoak, etorkizunari buruz ironizatu eta iragana iraultzen dutenak.
Ikuspegiak eraikitzeko helburuz, Paloma Navaresek bitarteko material zeharrargiak aukeratzen ditu, hala egiturak arinduta eta inguruneak kolorearen tenperaturaren eta argi-intentsitatearen edo -gabeziaren arabera antolatuta, bisualitatearen inguruan hausnartzen duen bitartean ikuspegi kultural, psikologiko, sinboliko eta emozionaletatik abiatuta.
Gainera, Rocío de la Villa komisario duen atzera begirako honetan artistaren ibilbidearen bi alderdi nabarmentzen dira: bideoinstalazioaren arloan bete duen aitzindari rola, eta gure herrialdean 90eko hamarkadatik aurrera garatu ziren arte feministan eta genero-ikuspegiko artean betetzen duen lekua. Hamarkada horren hasieran, Navaresek proiekzio handia zuen jada Erdialdeko Europako museo eta zentro ezagunetan, eta Europan eta Europatik kanpo generoari edo feminismoari buruzko erakusketa kolektiboetan parte hartu zuen lehen artista espainiarra izan zen. 1984. urtean lehenengo Bideo Jaialdia sortu eta zuzendu ostean (bideoinstalazioak ere baziren bertan), 90eko hamarkadaren amaieran nazioarteko aintzatespena zuen bideoinstalazioaren arloan Paloma Navaresek. Horretaz gain, bost urtez izan zen magister International Summer Academy of Fine Arts Salzburg bikainean. Bertan, instalazioei buruzko ikastaro trinkoak eman zituen.