Delitu informatikoak ugari eta askotarikoak dira: datu eta programen manipulazioa, sabotajeak, lapurretak, … Zer egin mugikorra geure datu guztiekin galdu edo lapurtzen digutenean? Zer dugu jokoan geure pribatutasunari uko egiten diogunean? Eta ziberjazarpena egiten badigute? Galdera hauei eta beste batzuei erantzungo diete Kutxa Fundazioak eta EHUko Uda Ikastaroek Donostiako Miramar Jauregian datorren irailaren 13rako elkarrekin antolatu dituzten ikastaroak eta jarduera irekiak. Goizeko ikastaroak 10 euroko kostua du, eta arratsaldeko jarduera irekiak sarrera libre izango du jarlekuak bete arte.

Ordenagailuak manipulatuz egindako iruzurrak asko izan daitezke: datuak lapurtzea, programak manipulatzea, informazio-sistemen funtzionamenduari helburu bat jartzea, kutxazain automatikoen kasuan adibidez, manipulazio informatikoaren bidez egindako iruzurra (diru kopuru txikiak pasatzen dira kontu batzuetatik beste batzuetara), sabotaje informatikoa (baimenik gabe, konputagailu baten funtzioak edo datuak ezabatu edo aldatzea funtzionamendua oztopatzeko helburuaz) eta baimendu gabeko sarbidea zerbitzu eta sistema informatikoetara (jakin-min, espioitza edo sabotaje gogoz).

“Ciberseguridad para todos. El reto social” (Zibersegurtasuna guztiontzat. Gizarte-erronka), 18:00etatik 19:30era egingo den jarduera irekiaren helburua gizartea kontzientziatzea da sarean nabigatzerakoan guztiok ditugun arriskuez. Pribatutasunari, bullying digitalari eta gure mugikorrentzat mehatxu diren birusei buruz hitz egingo da; era guztietako erabiltzaileentzat da eta hizlariak hauek izango dira: Jorge Flores, PantallasAmigas ekinbidearen sortzaile eta zuzendaria, Ángel Barrio, Euskaltel-eko IT (TI) Segurtasunaren arduraduna, eta Urko Fernández Román, PantallasAmigas-eko Proiektu-zuzendaria.

Bestalde, “La ciberseguridad en tu empresa. Invierte en protección” (Zibersegurtasuna zure enpresan. Inbertitu babesean) ikastaroa 10:00etatik 13:30era izango da eta enpresentzat da. Jardunaldi honen helburua enpresei laguntzea da, beren burua ziberdelitugileengandik babes dezaten. Enpresa-etorkizunak konfiantza digitala sendotuz joan behar du, ziberespazioaren erabilera segurua bultzatzeko moduan. Jardunaldia Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak irekiko du eta hizlariak hauek izango dira: Luis Hidalgo (Incibe), Iñaki Pariente de Prada (Dayntic Legal), Roberto Velasco (Hdiv Security), Igor Unanue (S21sec), Ángel Barrio (Euskaltel) eta Manu Viota (Ertzaintza, Informazioaren Teknologietako Delituen Atal Nagusiko burua). Eguna bukatzeko mahai-ingurua izango da zibersegurtasun eta ziberdelinkuentziari buruz, eta bertan izango dira, gainera, Xabier Mitxelena (S21sec) eta Jesús Ángel Bravo (CampTecnológico & Softec) ere.