Donostiako Kubo-kutxa aretoak Balerdi (1934-1992) erakusketa antologikoa aurkeztuko du 2017ko ekainaren 9tik irailaren 24ra. Javier Viar Olloqui dugu erakusketaren komisarioa, aurten arte Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria, eta, beraz, artistaren obra ezin hobeto ezagutzen duen pertsona. Artista hil zenetik 25 urtera, bere jaioterrian egin nahi zaion omenaldia da erakusketa hau.
Erakusketan, egile emankor honen 98 obra daude bilduta; tartean, olio-margolanak, marrazkiak, bere “klarion” ezagunak eta Homenaje a Tarzán I: La cazadora inconsciente (Tarzani omenaldia I: ehiztari inkontzientea) filma. Sortzaile kartsu, oldarkor eta energiaz betea da Rafael Ruiz Balerdi, eta bere obra koloretsuek aukera ematen digute egilearen keinuak, marrak eta mugimenduak imajinatzeko. Bere konposizioetan suma daitekeen erritmoa, zehazki, artistak musikarekiko duen interesaren ispilua da.
Obrak hainbat bilduma pribatutakoak eta hainbat erakundetakoak dira: besteak beste, Kutxa Fundazioa, Artium, BBK, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Laboral Kutxa eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoa. Erakusketako pieza ugari Bilboko Arte Ederren Museokoak dira, bai eta artista honek museo horretan utzitako ondarekoak ere. Bilboko Arte Ederren Museoaren lankidetzari esker, Balerdiren ibilbideko piezarik garrantzitsuena jasoko du erakusketak; hain justu, formatu handiko El Gran Jardín (Lorategi Handia) olio-margolana.
...