ADNren erreplikazioan inspiraturiko irudi batek identifikatuko du Foru Aldundiak eta Kutxak eraturiko Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa. Sektore biosanitarioaren dinamismoari, ekintzailetzari eta enpresa-egitasmo berriei lagunduko dien ekinbidea da, Gipuzkoako ekonomia eta gizartearentzat estrategikotzat jotzen den sektore batean. Markel Olano ahaldun nagusiak eta Manuel Beraza Kutxako lehendakariak aurkeztu zuten marka berria hedabideen aurrean.

Olano eta Berazak bi erakundeen arteko lan bilera bat gidatu dute Miramoneko Parke Teknologikoko Arbide dorreetan. Bertan izan dira, baita ere, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia, Carlos Ruiz, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta Berrikuntzako foru zuzendaria, Garikoitz Agote. Bileraren aurretik komunikabideei erakutsi diete Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren berri emango duen irudi berritua. DNAren erreplikazioan oinarritutako irudia da; bizitzarekin lotutako elementu bat, alegia, biozientzien xedea hori baita azken batean, pertsonen ongizatea eta bizi baldintzak hobetzea.

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa 2011an sortu zuten Foru Aldundiak eta Kutxak, eta egitasmo hori berriz aktibatzea erabaki dute orain alor horretan “garapen eta dinamikotasun” faktore bilakatu dadin. Joan den urtean fundazioko Patronatoa berritu zen, estatutuak berriz definitu ziren gaur egungo testuingurura egokitzeko, eta milioi erdiko aurrekontua bideratu zen. Aurten aurrekontu hori milioi batean finkatu da, fundazioa osatzen duten bi erakundeok maila berean egindako aportazio baten bitartez.

Aurrekontuaren zati handiena bideratuko da bio-osasunaren alorreko start up-ak eta ekintzaleak babestera haien enpresa proiektu berritzaileetan. Horrez gain, fundazioaren helburuen artean dago baita ere bultzatzea “ikerketan binkaintasuna, ezagutza berriaren sorrera eta teknologia transferentzia”, biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatzeaz gain.


170407 Biozientziak2