Donostiari buruzko Azterketa Historikoen beste Buletin bat, Dr. Camino Institutuak egin eta Kutxa Fundazioak argitaratua, aurkeztuko da datorren ostiralean 12:30ean Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan. Oso eduki interesgarrikoa, Buletinean aztergai dira, besteak beste, Donostiako elizgizonen jokabidea XVII. eta XVIII. mendeetan, Errege Armada ingelesaren kanpainak euskal kostaldean, Donostiako hiri-gobernua Erdi Aroaren amaieran… eta Manuel Matxain bertsolariaren berri ere ematen da.
Buletina
Donostiako Historia aztertzeko José Ignacio Telletxea Idigorasek, José Mª Aycart Orbegozok eta Juan Antonio Garmendia Larrañagak eraturiko ‘Doctor Camino’ Taldeak duela 50 urte sortua, aurten mende-erdia bete duen Kultura Erakunde baten oroimen bizi gisa aurkezten da Buletina, hasieratik errebindikatu zuelarik hiriaren iraganaren ezagutza, bere artxiboan dokumentatu gabea eta oso gutxi ezagutzen zena.
Ia mende-erdia darama batez ere donostiarrei, eta oro har euskaldunei, beren
iragan historikoaren oinarrian dauden sustrai edo erro sakonak ezagutarazten eta argitzen. 1813. urtean pairaturiko sute suntsitzailearen ondorioz, ia agiritegi historikorik gabeko hiri hau errautsetatik indartsu agertzen da, urratsez urrats, urtez urte, beren ezagutza eta bertakoak ez diren artxiboetan egindako lan neketsu eta isila partekatu nahi duten ikertzaile askoren ekarpenekin; horrela pintzelkada garrantzitsuak eman eta azterlan sendoak egin dituzte, Donostiaren historia, benetan miresgarria eta gorestekoa, marraztea ahalbidetuz.
Betiko ildoari jarraituz, liburu hau garbi bereizitako bi ataletan banaturik dago: Azterketak eta Oharrak. Lehenengoak egileen ekarpen gutxi-asko luzeak jasotzen ditu; Oharretan berriz ekarpen txikiak daude historia donostiarraren alderdiren bati buruzkoak.
Azterlanak
Lehenengoa Iago Irijoa Cortés doktorearen azterketa dokumentatua da “Donostiako hiri-gobernua Erdi Aroaren amaiera aldera”; dagoeneko espezialista handia da eremu honetan, Bere azterketaren ardatza Donostiako hiribilduak 1489 inguruan pairatu zuen krisialdi sakona da, hainbat izurrite eta sute gainditu ondoren, gizarte-bizitza eta politikaren berregituratze sakona izan baitzuen udal-ordenantza berrien inguruan.
Ondoren, Historian eta Soziologian lizentziatua den Mª Roquero Ussía-ren azterketa dator XVII. eta XVIII. mendeetako Donostiako kleroari buruz. Bere azterlanaren ardatza elizgizon haien jokabide gaitzesgarriena da: “zaratatsuak, liskartiak eta kalkulatzaileak” eta bokazio eskasekoak izaki, moraletik eta ohitura onetatik urrundutako bizimoduak zituzten, sarritan kontzilioen dekretu eta sinodoen konstituzioen aurkakoak; egia esateko, Donostiako eliztar zorrotzenak eskandalizatzen bazituzten ere, hirikide askok toleratu egiten zituzten.
Historia Garaikidean doktorea den Carlos Rilova Jericók oraingoan interes handiko bi azterlan luze eskaintzen dizkigu: bata XVIII. mendekoa eta bestea XIX.koa. Lehenengoa Austriako Ondorengotza Gerrari buruzkoa da, eta Errege Armada Ingelesak euskal kostan egindako kanpainei buruzkoa, Cartagena de Indias-en Vernon almirantea menderatu izanaren errepresalia gisa (1742-1748). Bestalde, bigarrenak espioitzaren historia garatzen du, eta zenbait dokumentu-iturritatik abiatuta, Napoleonen gerren eta “Gerra Handia” (1914-1918) delakoaren arteko espioitzaren historiaren zati bat berregiten saiatu da; jarduera horiek hirian izan zuten eragina aztertu du, hiriak bere interes estrategiko eta taktikoa esponentzialki gehitu baitzuen espioitza-sare horientzat.
Pedro Berriochoa Azkarate ingeniari agronomo, antropologo eta historian doktoreak ere interes handiko bi azterlan eskaini dizkigu. Lehenengoa Donostiako bi ingeniari agronomo handiri, Adolfo Comba eta Severo Agirre Miramon-i, buruzkoa da, XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan zirelarik oraindik baserri-munduari oso loturik zegoen Donostian. Bigarren azterketa, euskaraz idatzia, Manuel Matxain Ezpeleta (1916-1999) bertsolariari eskaini dio. Donostiako Aiete auzokoa, haren ezaugarri fisiko harrigarriak eta herri-kirolarekin zuen lotura aipatzen ditu; baina, batez ere, zehazki aztertzen du bertsolaritza-munduan egin zuena.
Oharrak
Atal honetan, Iago Irijoa doktoreak bi azterlan, euskaraz idatziak oparitu dizkigu: bere arreta Donostiako Probestu-aren figuran jarri du batean eta Donostian XV. mendeaz geroztik zeuden kofradietako biren azterketan jarri du bigarrenean: San Nikolas eta San Eloy zilarginena.
Mª Rosa Ayerbe Iribar doktoreak, bestalde, azterketa txiki bat egin du Camino doktoreak Historiako Errege Akademian izan zuen presentziaz.
Azkenik, Miguel Peciña Anitua Hizkuntza eta Literaturan doktoreak Pio Barojaren obran anarkismoari eta anarkistei buruzko azterlana eskaintzen digu.