Larunbatean, moda-ibiltoki bihurtu zen Kutxa Kultur Plaza, bertan desfilatu zuten Kutxa Kultur Moda programako diseinatzaile egoiliarrek sorturiko modeloek. Hauek diseinatzaileak: Marta Arribas, Gino Rojas, Clara Virgili, Nuria De Oliveira eta Samuel Prince.
Moda-sortzaile hauek urtebetez Tabakalerako instalazioetan beren lekua dute, beste diseinatzaile batzuekin partekatua, bizikidetza eta lankidetzaren aldeko apustua eginez sorkuntza-iturri gisa; joan zen udazkenean hautatu zituen horretarakoxe eraturiko epaimahaiak.
Baina bost diseinatzaile hauen desfileaz gain, Boinas Eloseguiren 160. urtemuga dela eta, Kutxa Kultur Modak omenaldia egin nahi izan zion. Txapela tradizioa bai, baina modernitatea ere badela erakutsi nahi izan zuen desfile honek, klasiko bat da, baina baita ere abangoardia, gaurko konplementua janzkeran.
Argazkiak: Niko Iturralde
Bost sortzaile-egoiliarrak
Marta Arribas. Felicidad Duce/LCI Barcelona unibertsitatean graduatua, diseinuan eta patroigintzan espezializatua. Etorkizunean ezkontza-munduan sartu nahiko luke, horrek sortzen dio-eta kezka gehien. Otaduy–Barcelona ezkontza- atelierrean egin zituen praktikak. Natura maite du. Inspiratu egiten dute formak eta patroiak sortzerakoan moulage eta ohiko patroigintza erabiliz eta horrela bolumen, silueta eta kolorearekin jolastuz eta estilo organiko, moderno eta sofistikatua lortuz.
Gino Rojas. Jatorriz Perukoa den sortzaile hau Lima-Peruko Modaren Goi Ikasketen Zentroan hasi zituen ikasketak, bere ahalmena garatu zuen moda-diseinatzaile gisa, tresna artistiko eta, zehazkiago, “eskultoriko” gisa erabiliz. Bere imajinarioa adierazteko, normalean “gizonezkoentzako jantziekin” loturiko ehunez baliatzen da sortu, patroiak egin eta josteko, bere jantziei genero-etiketak jartzeko interes handiegirik gabe.
Clara Virgili. Donostian bizi den diseinatzaile katalana. Berarentzat prozesu artistikoa eta sortzailea da diseinua. Bere bilduma bakoitzean kontzeptu edo gai bat aztertzen du, hortik ideia, xehetasun eta forma berriak sortzen direlarik. Ehundura eta josturekin esperimentatzen du patroigintzan. 2011n Numeronueve enpresaren sortzaileetako bat izan zen, bere sormen eta orijinaltasunagatik askotan saritua. Bere gaurko proiektuan, hazten jarraitzen du, esperimentatuz eta bere bildumak garatuz.
Nuria De Oliveira. Hainbat garai eta estilotatik igaro ondoren, arte eta modan egin zituen ikasketen ondorioz, une honetan Prêt-à-porter lantzen ari da; hala ere, eta ahal duen guztietan, astirik izaten duenean, ezkontza-munduan murgiltzen da. Honela, bere ibilbidea eginez, sortzen dituen jantzietan testuingurutik ateratzen du material horiei ematen zaien ohiko erabilera. Pana edo artilea proposatzen du ezkontza- uneak eskatzen bide duen neurritasunean, edota jacquard edo damaskoa funtzionarazten du Ready-to-wear delakoan.
Samuel Prince. Ezagutzen duzu oina lokartzen denean sentitzen den inurridura? Bada, diseinatzaile honek uste du horretaz egina dagoela bera. Bera ere Diseinuan graduatua da, baina berarentzat moda zerbait gehiago da. Edo zerbait gutxiago, gutxiago gehiago baldin bada. Gaur egungoaren, instagramen, autobus-geltokiaren isla da. Etorkizuna feminista da. Samuel Princek generoaren heriotzaren alde egiten du eta genderless-a lantzen du. Berarentzat, mainstream-a da benetako joera.