Eureka! Zientzia Museoak eragin handieneko zazpi albiste aukeratu ditu, zientziak 2016an emanak: grabitazio-uhinena izan da lehenengo eta garrantzitsuena, baina zerrendan daude Juno zunda Jupiterrera iristea, 3.700 milioi urte baino gehiagoko fosila aurkitzea, hiru pertsonaren ADNa duen haur bat jaiotzea, Alzheimer gaitzaren aurkako sendagai baten aurkikuntza, bihotz artifizialaren lehen transplantea, baita Lekeition aurkituriko labar-grabatuak ere.


Grabitazio-uhinak behatzea

Urte hasieran, Albert Einsteinek duela mende bat iragarri zituen grabitazio-uhinak zuzenean aurkitu zituztela jakinarazi zuten; Einsteinek 1915. urtean argitaratutako Erlatibitate Orokorraren Teoria lanean egin zuen iragapena. 2015eko irailean, Advanced LIGO (Laser Interferometer Gravitational-Wave Observatory) proiektuko behatokiek bat egin zuten helburu hori betetzeko asmoz, eta ez zuten denbora asko behar izan lortzeko.

 

“Juno” zunda Eguzki-Sistemaren historia aztertzen ari da Jupiterren

Uztailaren hasieran, NASAren Juno zunda Jupiter planetara iritsi zen Eguzki Sisteman barrena 5 urteko bidaia egin ostean; misio espazial garrantzitsu honek hiru helburu nagusi ditu: Jupiterren barrualdean nukleo solidorik egon ote daitekeen ikertzen saiatzea; Jupiterrek duen eremu magnetiko bizi hori nola sortzen den jakitea: atmosferan urik ba ote dagoen jakitea.

 

Lurreko biziaren ebidentziarik zaharrena aurkitu dute Groenlandian: 3.700 milioi urte

Abuztuko Natureel aldizkarian eman zuten aurkikuntzaren berri: munduko fosilik zaharrena aurkitu dute eta 3.700 milioi urte inguru ditu. Beraz, Lurreko biziaren lehenengo ebidentziaren data 220 milioi urte aurreratu da.
Groenlandian aurkitu zuten fosila, Isuako arroka-gerrikoan; izan ere, izotza urtzearen ondorioz, milioika urtez izozpean egon diren eremuak agerian geratu baitira.

 

Hiru guraso dituen lehen haurtxoa jaio da

Joan zen urtearen amaieran aipatu zen Komunen Ganbera britainiarrak lege bat onartu zuela, eta, lege horren arabera, fetu bideragarri bat lortzeko hiru pertsonaren DNA erabiltzen duen lagundutako erreprodukzio-teknika bat baimendu zela.
Bada, orain, aurtengo irailean jakin dugu teknika horren bitartez sortutako lehen haurtxoa Mexikon jaio zela maiatzean; haurtxo horrek aita eta ama biologikoen DNA du, baita ama-emaile baten DNA mitokondriala ere.

 

14.000 urteko labar-grabatuak aurkitu dituzte Lekeition

Urrian jakinarazi zuten altxor artistiko eta historiko berri bat aurkitu zutela Lekeitiko Armintxe koban: 14.000 urteko labar-grabatuen sorta bat. Hori baino hilabete gutxi lehenago, inguruko beste koba batean garai bereko –Madeleine aldiko– animalia-grabatuak aurkitu zituztela iragarri zuten.
Kobako grabatuen sorta berrian hamarnaka animalia-irudi agertzen dira (zaldiak, ahuntzak, bisonteak eta beste hainbat koadrupedo), baita leoiak edo felinoak ere, nahiz eta garai hartan eremu kantabrikoan horrelakorik izatea guztiz harrigarria izan.

 

Alzheimerrari aurre egiteko botika itxaropentsuari buruzko azterketak

Alzheimerra zerk eragiten duen ezin izan dute aurkitu oraindik, baina gaitza pairatzen dutenek ezaugarri komun bat izaten dute hasierako sintomak adierazten hasi baino lehen ere: garunean beta-amiloide esaten zaion proteina baten metaketa handia izaten dute, plaka moduan; eta badirudi proteina horrek eragiten duela neuronak degeneratu eta hiltzea.
Ipar Amerikako Biogen enpresako eta Zuricheko Unibertsitateko zientzialariez osatutako ikerketa-talde batek azterlana argitaratu zuen “Nature” aldizkarian abuztuan eta, horren arabera, frogatuta dago ‘Aducanumab’ botikak plaka horiek desagerraraztea lortzen duela gaixotasuna maila txikian edo hasiberria duten pazienteen kasuan.

 

Bihotz artifizialaren lehen transplantea egin dute Estatuan

Nafarroako Unibertsitate Klinikako (CUN) eta Nafarroako Ospitale Konplexuko medikuek bihotz artifizialaren Espainiako lehen transplantea egin zioten gizon bati irailaren 21ean.
Ebakuntzan, pazientearen berezko bihotza erauzi zuten eta, haren ordez, bihotz artifizial oso bat ezarri zioten; bihotz berria 7 kg-ko motxila batean eraman behar du pazienteak.

 

Berri osoak HEMEN