Hauek dira 2017ko berri zientifiko-tekniko garrantzitsuenak Eureka! Zientzia Museoaren ustez.
Informazio osoa kontsultatu dezakezu eurekamuseoa.es webgunean (sartu)
2016, klima alorreko marken urtea
2017ari hasiera emateko, NASAk eta NOAAk (Estatu Batuetako Administrazio Nazional Ozeanikoa eta Atmosferikoa) jendaurrean aurkeztu zituzten Lurraren gainazaleko tenperaturari dagokionez 1880tik gaur arte bildu dituzten datuak.
Lortutako datuen arabera, zientzialariek ondorioztatu dute erregistroak daudenez geroztik 2016. urtea izan dela urterik beroena munduan.
Plastikoa jaten duten harrak, hondakin plastikoak desagerrarazteko konponbidea?
Erosketetarako plastikozko poltsak polietilenoz eginda daude; material plastiko horrek, kasurik onenean, 100 urte behar ditu degradatzeko, gutxi gorabehera, eta beraz ingurumen-arazo handia suposatzen du.
Urtero 80 milioi tona polietileno sortzen dira, eta haiek neurri batean desagerrarazteko erritmoa azkartzeko substantzia jakin batzuk erabiltzen dira gaur egun, azido nitrikoa adibidez. Alabaina, CSICeko zientzialariak planetan oso ugaria den argizariaren sits handiarekin (Galleria mellonella espeziea) ari dira lanean. Antza denez, abarasken argizariaz eta eztiaz elikatzen den sits hori polietilenoa degradatzeko gai da.
Crispr Aroa
CRISPR teknika horri jarraikiz, gaixotasun genetiko baten eragile den sekuentzia genetikoa igartzen, detektatzen eta ebakitzen da, haren ordez sekuentzia zuzena jartzeko.
Edizio genomikoko teknika bat da, nahikoa erraza eta oso eraginkorra, eta beraz itxaropen handia sortzen ari da gaixotasun hereditarioak zuzentzeko (5.000 baino gehiago deskribatu dira), besteak beste “gaixotasun arraroak” zuzentzeko.
Txerri klonatuak, etorkizunean giza transplanteak egiteko “egokiak”
Transplanteak arazo handia dira organoen urritasuna dela-eta, baita emaile-maila handiak dauzkaten herrialdeetan ere. Beste animalia batzuen organoek urritasun-arazo hori konpon dezakete agian. Gaur egun badira txerri-haragiz egindako bihotz-balbulei edo intsulina sortzen duten zelulei esker bizi diren pazienteak.
Zelulen birprogramazioari esker animalia antzuek kumeak eduki ditzakete
Batzuetan, gametoen (hozi-zelulak) akats kromosomiko batzuek ugalketa galarazten dute, edo ondorengoen gaixotasunak edo arazo genetikoak sorrarazten dituzte, Down-en sindromea adibidez.
Shinya Yamanaka Japoniako Nobel saridunak sortutako prozedurari jarraikiz (2012), trisomia izeneko nahasmendu kromosomikoak (hiru kromosoma sexu-parean, eta ez bi; XXY edo XYY, eta ez XX edo XY) zituzten animalien larruazaleko zelulak hartu eta proteina-koktel bat aplikatu zitzaien, erloju biologikoa atzera eramateko ama-zelula (enbrioi baten jatorrizko zelulak) bihurtzeraino, ondoren berriz ere hazi eta heldu daitezkeenak hainbat organo eta ehun osatzeko. Birprogramazio-prozesu horretan, kromosoma gehigarri hori hainbat zelulatan desagertzen zen, eta, ikertzaileek zelula birprogramatu horiek sagu antzuen barrabiletan injektatu zituztenean (antzuak ziren espermatozoideak bideraezinak zirelako, zenbait nahasmendu kromosomiko tarteko), espermatozoide egokiak sortu zituzten, ondorengo osasuntsuak sortzeko gauza izango zirenak; gainera, ondorengo horien ondorengoak ere osasuntsuak izango ziren, trisomiarik gabeak.
Lurrean bizitza antzinagotik dagoenaren ebidentziak
2017an hainbat albiste iritsi zaizkigu Lurrean bizitza antzinagotik bazegoelako ebidentziak aurkitu izanaren harira. Orain 3.500-3.280 milioi urte kokatu dituzte aurkikuntza horiek.
Martxoan ezagutzera eman zen azterlan batek berretsi zuenez, Kanadako harkaitz batzuetan bakterio fosil batzuk aurkitu zituzten, harizpi eta hodien antzekoak. Ozeanoaren hondoan orain 3.770-4.280 sortutako fumarola hidrotermaletatik eratorriak ziren.
Txinak satélite baten eta Lurraren arteko lehen komunikazio kuantikoa lortu du
Txinak lehen aldiz lortu du satelite baten eta Lurraren arteko komunikazio kuantikoa. “Korapilatze kuantikoa” izeneko fenomenoan oinarritu da hori.
Fisika kuantikoarekin zerikusia du horrek. Atomoek osatzen dituzten partikula txiki-txikien artean sortzen diren portaera fisikoak aztertzen ditu fisikaren adar horrek, fisika klasikoaren legeak horretarako gauza ez baitira.
Txinan zera lortu dute, Micius komunikazio-satelite kuantikotik elkarren artean 1.203 km bereizitako Txinako bi hirietara elkarri lotutako fotoi-pareak bidaltzea.
Bi neutroi-izarren arteko egundoko talkaren ondorioz, Einsteinek iragarritako grabitazio-uhinak sortu ziren
Urriaren 16an, bi neutroi-izarren arteko talkak sorrarazitako grabitazio-uhinak detektatu ziren.
Neutroi-izarra izarraren soberakina da, eztanda-fasea supernoba gisa igaro eta gero geratzen dena.
Horrelako bi izarrek elkar jotzen dutenean, fenomeno izugarri bortitza gertatzen da, bi zulo beltzen arteko talkaren antzekoa. Bi gertaerek denbora-espazioa desitxuratzen dute, eta grabitazio-uhinak sortzen dituzte. Bien artean alderik bada, ordea.
Einsteinen Unibertsoari buruzko erlatibitatearen teoria orokorraren postulatuetako bat eta haren denbora-espazioko kontzeptua berriz ere berretsi du aurkikuntza horrek.
TRAPPIST Sistemaren aurkikuntza, Lurraren antzeko Planeta, bizi estralurtarrerako hautagaia
Urte hasieran NASAk iragarri zuen TRAPPIST-1 Izarraren inguruan planeta-sistema harrigarria aurkitua zuela. Zazpi exoplanetei TRAPPIST-1b, c, d, e, f, g eta h izena eman zitzaien, goranzko ordenan haien izarrerainoko distantziaren arabera. Lurraren antzeko tamaina dute denek, eta horrek izar-sistema horretan ur likidoa bilatzeko itxaropenerako bidea irekitzen du.
Cassini misioa amaitu da, Saturno Planeta eta haren ilargiak aztertzen 20 urte eman ondoren
2017ko irailean, NASAren Cassini zunda Saturno planeta erraldoiaren kontra amildu zen, “Final Handia” deitu zitzaion maniobra batean. Saturno planeta eta haren ilargiak aztertzeko 20 urteko misioari amaiera eman zitzaion horrela.
Cassini zundak bildutako ohar eta datuek aldarazi egin dute planeta-sistemen osaera eta bizitza agertzea dakarten baldintzak ulertzeko modua.