Eureka! Zientzia Museoaren ANIMALIA aretoak hiru ekosistema bereizi ditu, eta giro berezi horien adierazgarri diren 20 bizidun espezietik gora jarri ditu erakusgai, 260 m 2-ko azalera duen instalazio batean.
Erakusketa iraunkor horren bitartez, animalien eta haien ingurumenaren aurrean daukagun jarrera hobetu nahi du museoak, eta ez-jakintasunaren ondorioz hartu ditugun ohitura txarrak saihestu.
Animalia horien guztien artean, honako espezie hauek nabarmendu behar ditugu:
- Tamainarengatik, pitoi-suge albinoa. Erakusgai duguna oraindik gaztea bada ere, hazkundea amaitzean 7 metro ere neur dezake, eta 150 kilo pisatu.
- Bere toxinaren ahalmenarengatik, urre-koloreko igela. Agian hori da erakusketako espezierik deigarriena, urre-kolore bizi-bizia daukalako, harekiko zuzeneko harremanak berekin dakarren arriskuaren adierazgarri. Izan ere, bere pozoiaren toxinaren gramo bat nahikoa izan liteke 100.000 pertsona hiltzeko. Ezbairik gabe, naturan aurki dezakegun pozoirik sendoena da.
- Arrantzarako darabilen estrategia bereziarengatik, kaiman-dortoka. Haragijalea da, eta mingaina egokitua dauka. Izan ere, bi zizareren itxura dauka mingainak, eta horri esker arrainak ahutzetara erakartzen ditu harrapatzeko.
- Modu sinestezinean zintzilikatzeko duen gaitasunarengatik, pantera-kamaleoia. Kolore urdin biziarengatik nabarmentzen da, baita buztan oratzailearengatik eta hatzen jarrerarengatik ere; izan ere, elkarren auka jarrita dauzka hatzak, eta horri esker pintza moduko bat egiten du, adarrei sinetsi ezinezko jarreretan heltzeko.
- Azalaren leuntasunarengatik, lehoinabar-gekoa. Musker handia da, eta Ekialde Ertaineko eremu lehorretan bizi da, Irandik Pakistanerainoko tartean. Azal leun-leuna dauka.
- Ugaltzeko ahalmen bereziarengatik, Freddy arraina. Espezie horretako emeak ar bihur daitezke ingurumen-egoerak hori eskatzen duenean, ugalketarekin zerikusia duten arrazoiengatik oro har.
Eureka! Zientzia Museoa
Mikeletegi pasealekua, 43-45. 20009 Donostia
T- [+34] 943 012 478 ¦ Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. www.eurekamuseoa.es