Datorren irailaren 24ra arte, mihise gaineko olio-margoa Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua, c. 1625, Kutxa Fundazioarena den margolana, Madrilgo Museo de las Américas-en ikusi ahal izango da erakusketa honetan: “Trans. Identidades y roles de género en las culturas del mundo” (Trans. Genero-identitate eta -rolak munduko kulturetan). Erretratu hau Espainian egingo zen Katalina Erauso lehen bidaiatik itzuli zenean eta berriro Ameriketara abiatu aurretik. Irudian emakume urtetsua agertzen da, soldaduz jantzia, gizon-itxurakoa eta begirada gogorrekoa. 1630ean, margolana datatzen den urtean, Urbano VIII.a aita sainduak salbuetsi egin zuen gizonez jantzita ibil zedin eta erregeak alferez titulua berretsi zion, horrekin itsasoratu zelarik berriro Nueva Españara joateko.


Trans. Genero-identitate eta -rolak munduko kulturetan

 

Aldi baterako Erakusketa Aretoa. Amerikako Museoa (Museo de América). Madril
2017ko ekainak 22 - irailak 24
Komisarioa: Andrés Gutiérrez Usillos, Amerikako Museoko kontserbatzailea

 

Margolan, eskultura, zeramika, argazki, jantzi eta beste material batzuen bidez, genero-identitateari buruzko ibilbidea proposatzen da.

Erakusketaren helburu nagusia da erakustea pertsona transgeneroak beti egon direla mundu osoko kulturetan, baita horien txertatze tradizionala ere gizartean. Beraz, heteronormatibo eta patriarkaltzat katalogaturiko diskurtsoa berrikustea planteatzen da, generoa ulertzeko beste era batzuk erakutsiz (maskulinoaz edo femeninoaz harago).

Ipar Amerikako emakume trans indigenen irudikapenak agertzen dira (berdatxe gisa ezagutzen direnak), Oaxacako muxeak, Venezuelako tidawinak, Katalina Erausoren (Moja Alferez) erretratua, Balkanetako zinpeko birjinak, eta beste adibide asko.

Erakusketan hausnarketa interesgarriak daude genero-nortasunaren urratzeaz, gorputzaren kultura-eraikuntzaz eta bere arte-irudikapenaz, jendeari oro har nahasiak gerta dakizkiokeen kontzeptuak azaltzen saiatzeko.