Donostia, 2017ko otsailaren 27a. Kutxak Nesplora-rekin lan egingo du herritar helduekin gauzatu nahi duen errealitate birtualeko esperientzia handi batean.
Nesplora VRMIND ikerketa-proiektuan ari da lanean (H2020 programa pean Europako Batzordeak kofinantzatua) ezagutza-prozesuak (oroimena, arreta, etab.) ebaluatzeko tresnak sortzeko errealitate birtualeko euskarrian.
Gaur egun, 16 urtez gorakoen artean arreta- eta oroimen-prozesuak ebaluatzeko test bat garatzen ari dira. Nesplora-ren ikerketan parte hartzen duten boluntarioek errealitate birtualeko betaurrekoak probatzen dituzte 20 minutuz, eta tarte horretan beraien arreta eutsia, entzumen- eta ikusmen-arreta, oldarkortasuna, motor-jarduera azter daiteke, baita arreta galtzeko joera eta prozesaketa-lastertasuna ere.
Kutxaren laguntza duen Nesploraren azterketak ez du kosturik parte-hartzaileentzat, eta errealitate birtualeko betaurrekoek sortzen dituzten sentsazioak esperimentatzeko aukera eskaintzen zaie. Halaber, azterketa bukatzean, boluntario bakoitzak bere testaren emaitza ezagutuko du, eta ikerketaren ondorioak ikusi ahal izango ditu. Honela, Nesplorak ezagutza-arazoak dituztenen diagnostikorako erabiltzen diren tresnen errendimendua hobetzen jarraitzeko informazioa lortuko du, beraien bizi-kalitatea hobetuz. Testak Kutxak Tabakalera eraikinean dituen lekuetan egingo dira datorren martxotik aurrera.