Donostia, 2017ko otsailaren 1a. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 42. edizioa arautzen duten oinarriak argitaratu ditu Kutxa Fundazioak, eta Sariak eleberri eta olerki modalitateetarako deitu dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Olerki modalitatean errima, neurri eta gai askeko lanak aurkez daitezke, baina gutxienez 800 bertsokoak; saria 15.000 euro eta garaikurra. Eleberri modalitatean, gai eta narrazio askeko lanak, gutxienez 150 foliokoak; saria 25.000 euro eta garaikurra. Sariak salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz.

Lehiaketara lanak aurkezteko epea 2017ko apirilaren 30ean amaituko da, eta irabazleen berri Irunen emango da 2017ko irailaren 23an. Ekitaldi honetan sariak banatzeko eguna ere jakinaraziko da, eta aurten bertan izango da hori.

Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak bi urtean behin izaten dira, eta azken edizioa 2015ean izan zen eta sariak 2016ko apirilean eman ziren. 41. edizioko irabazleak, eleberri modalitatean, Ana Muela (“El falso cuerno del rinoceronte”) eta Juan Luis Zabala (“Txistu eta biok”) izan ziren, eta olerki modalitatean Ramón Crespo (“Las hojas enfermas”) eta Asier Serrano (“Ate osteko itzalak”). Lan sarituak argitaratu ere egin ziren, hauxe baita lehiaketa honen beste ezaugarri garrantzitsu bat, literatura-sorkuntza eta zabalkundea sustatzeko helburuarekin betiere.