Donostia, 2017ko urtarrilaren 31. Onkologikoak “Minbiziaren aurkako Mundu Eguna” ospatuko du datorren otsailaren 4an, eta horretarako ostiralean, hilaren 3an, nutrizioari eta minbiziari buruzko jardunaldia egingo du.
Ostiralean, 13:00etan, doako sarrerarekin, Onkologikoa-ko Auditoriumean espezialisten hiru hitzaldi eskainiko dira, eta ondoren, solasaldi irekia izango da bertaratzen direnekin.

Bertan Fernando Fombellida doktoreak, Andoni Luis Adúriz-ekin batera “Cocinar para vivir. Cómo cocinar para prevenir el cáncer” (Bizitzeko kuzinatu. Nola kuzinatu minbizia prebenitzeko) idatzi zuenak, hitz egingo du elikagaiek minbiziarekin duten loturaz. Marta Agirre doktoreak, medikuntza estetiko eta nutrizioan espezialista den medikuak, minbizia izan osteko elikaduraz hitz egingo du; eta Onkologia Mediko zerbitzuko erizain batek kimioterapiaz eta digestio-alterazioez hitz egingo du, eta gomendio dietetikoak eskainiko ditu minbiziarentzako tratamenduak iraun bitartean.