Donostia, 2016ko irailaren 5a. Datorren larunbatean, irailaren 10ean, jendaurreko ekitaldia egingo da 13:00etan, Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan, eta bertan Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarietako epaimahaien erabakiak jakinaraziko dira eta 53. edizioko irabazleak ezagutuko dira.

2014ko hutsunearen ondoren berreskuratuak, Sarietarako deialdia 2016 urte honen hasieran egin zen, Donostia Europako kultura-hiriburu izaten hasi zenean hain zuzen, kontakizun-liburu eta antzerki modalitateetan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Epaimahaiak larunbatean bertan elkartuko dira bakoitzaren modalitatean izandako lan finalisten azken balorazioa egiteko.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien deialdi honetara 388 lan aurkeztu dira guztira. Gaztelaniazko antzerkian aurkeztu dira lan gehien: 207. Ondoren, kontakizun-liburuak izan dira gehien, hauek ere gaztelaniaz: 157. Euskarazko parte-hartzaileak 24 izan dira guztira: 13 antzerki eta 11 kontakizun-liburu. Jatorri geografikoari dagokionez, Madriletik iritsi dira lan gehien, 114 lan, alegia. Halaber, atzerriko 13 herrialdetatik 37 lan iritsi dira sariketara, oraingoan ere Argentinatik gehien, 12 izan baitira.

Lehiaketa honetako sariak 15.000 euro eta garaikurra dira antzerki modalitateko irabazleentzat, eta 10.000 euro eta garaikurra kontakizun-liburu modalitateko irabazleentzat. Sari hauek salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik eta datorren abenduaren 16an Donostiako Principal Antzokian egingo den jaialdian emango zaizkie irabazleei.

Lau modalitateetako bakoitza erabakiko duten epaimahaiak honako hauek dira:

  • Gaztelaniazko antzerkia: Mikel Azpiazu, Teresa Calo, Carlos Zabala, Fernando Bernués eta Manolo Gómez.
  • Euskarazko antzerkia: Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Dorleta Urretabizkaia, Arantzazu Fernández Iglesias eta Patri Urkizu.
  • Gaztelaniazko kontakizun-liburua: Luisa Etxenike, Miguel Ángel Rodríguez Matellanes, Ángel Basanta, Fernando María eta Espido Freire.
  • Euskarazko kontakizun-liburua: Itxaro Borda, Joxe Mari Iturralde, Maria Jose Olaziregi, Pako Aristi eta Jon Kortazar.