Donostia, 2016ko apirilaren 29a. Gipuzkoako 160 elkarte eta erakunderen artean banatuko dira Kutxa Fundazioak emandako 2 milioi euro, Kutxak 2016an gizarte- eta kultura-proiektuak gauzatzeko egindako deialdiaren testuinguruan. Hauxe izan da Kutxak horrelako deialdi bat egiten duen lehen aldia.
Laguntza jasoko duten proiektuak hainbat arlotan kokatzen dira, hala nola:
- Gizarte-laguntza, elkartasuna eta dibertsitate funtzionalaren inklusioa
- Kultura
- Kirola eta aisialdia
- Edizioak, ekitaldiak eta emanaldiak
- Hezkuntza
- Euskara eta hizkuntza aniztasuna
- Azpiegiturak
- Ikerketa eta berrikuntza
- Iraunkortasuna eta ingurumena
Deialdira, guztira, 302 elkartek bultzatutako 377 proiektu aurkeztu ziren, eta oinarrietan zehaztutako helburuen arabera aztertu dira guztiak, erakunde eta elkarte eskatzaileei eskatzen zitzaizkien baldintzekin bat etorrita.
Aurkeztutako proiektuen ebaluazioan, Kutxaren Plan Estrategikoarekin duten lerrokatzeaz eta balorazio ekonomikoaz gainera, kontuan hartu dira ere proiektuak genero-berdintasunari egiten dion ekarpena eta emakumearen parte-hartzea eta ahalduntzea.
Kutxa Fundazioko Patronatuak, joan den otsailean laguntzen deialdia egitea erabaki ondoren, laguntza horien banaketa egitea erabaki du gaurko bileran. Laguntzak deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera emango dira: % 75 lankidetza-hitzarmena sinatzean, eta gainerako % 25 proiektuaren amaierako txostena aurkeztu eta onartzean.
Datozen egunetan, Kutxa Fundazioa harremanetan jarriko da laguntza jasoko duten proiektuen arduradunekin, hurrengo urratsak zehazteko.
Kutxa Fundazioko Patronatuak pozik hartu du laguntza-deialdiak izan duen oihartzuna, agerian uzten baititu Gipuzkoako gizartearen dinamismoa eta gure lurraldeko elkarteek eta erakundeek ekonomia, kultura, gizarte-laguntza eta ingurumenaren garapenari egiten dioten ekarpena.