Donostia, 2016ko apirilaren 22a. Kubo-kutxa Aretoak Gonzalo Chillida margolari donostiarraren lanari eskainitako atzera begirako erakusketaren esparruan, La Idea del Norte (Iparraren Ideia) -Alicia Chillidak eta Benito Macías Cantón-ek zuzenduriko filma, 40 minutukoa- emango da lehen aldiz. Datorren astelehenean izango da, apirilaren 25ean, 19:30ean, Tabakalerako zinema-aretoan. Emanaldiaren ondoren, mahai-ingurua izango da dokumentalaren zuzendariekin eta Gonzalo Chillidaren adiskide eta idazle Jose Angel Irigaray-rekin.

La Idea del Norte (Iparraren Ideia) euskal etnografia-paisaiatik abiatzen den dokumental bat da, eta Gonzalo Chillidaren erretratua egiten du berak naturaz zuen ikuspegiaren irizpide eta motibazioen bidez. Gogoetazko ahots batek artistaren artxiboa, neurri handi batean ezezaguna, esentzia eta ikusteko hiztegi bihurtzen du, haren obra aintzatetsiaren mugetatik kanpo. Dokumentalak artistari eta haren lanari estu loturiko pertsonei egindako elkarrizketak erabiltzen ditu eta artistak bizi izan eta lan egindako lekuak berreskuratzen ditu. Iparraren metaforak sortze-prozesuan sakontzen du, eta hor margolaritza, argazkigintza eta zinema elkarrizketan sartzen dira.