Donostia, 2016ko martxoaren 4a. Gipuzkoako elkarte eta erakundeek 2016an garatu beharreko gizarte- eta kultura-proiektuetarako laguntzen lehen deialdi irekia eman du argitara Kutxak.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko, eta Kutxaren egoitzara igorri ahal izango dira (Mikeletegi, 79. 20009, Donostia); apirilaren 8a izango da mugako epea. Kutxak, jasotzen dituen proiektuak ebaluatu ondoren, apirilaren 30a baino lehen emango du eman beharreko laguntzen inguruko ebazpena.

Deialdiaren helburua honako hau da: hainbat eremutan (gizarte-laguntza eta gizarteratzea, osasuna, dibertsitate funtzionalaren eta desgaitasunaren arreta, hezkuntza eta prestakuntza, euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren garapena, kultura, kirolaren eta haren balioen sustapena, lankidetza, genero-berdintasunaren eta kulturarteko bizikidetzaren edo gizarte-bizikidetzaren sustapena, ikerketa zientifikoa, berrikuntza eta garapen teknologikoa, ingurumena eta jasangarritasuna, gazteen eta bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboen laneratzea eta abar) proiektuak garatzen eta bultzatzen dituzten erakunde eta entitateak babestea.

Erakunde eta entitate eskatzaileek legez eratuta egon beharko dute, gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute, eta Gipuzkoan errotuta daudela egiaztatu beharko dute.

Deialdi honen oinarriak Kutxaren webgunean daude eskuragarri (kutxa.eus), eta laguntzak jaso ditzaketen proiektuen ezaugarriak eta proposamenak balioesteko eta laguntzak eskatzen dituzten erakunde eta elkarteak balioesteko irizpideak ezartzen dituzte.

Kutxak laguntzak ahalik eta proiektu gehienetara zabaltzeko asmoa du. Erreferentzia orientagarri gisa, gehienez ere % 25eko laguntzak aurreikusten ditu 50.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuetarako, eta gehienez ere % 75eko laguntzak 50.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuetarako.

Laguntzetarako deialdi hau eta laguntzen oinarriak Kutxako Patronatuak erabaki zituen joan den otsailean.