Ander Urrutikoetxeak, Onkologikoako zientzia-zuzendariak, hartuko du Kutxaren Onkologia Institutuaren zuzendaritza nagusia, eta kargu horretan Almudena Moreno ordeztuko du, honek hiru urte eman ondoren eginkizun horretan, beste lanbide-proiektu bati ekiteko asmoa baitu osasunaren eremuan. Aldaketa otsailaren 8an egingo da.
Onkologikoa Fundazioko Patronatuak, gaur goizean bilduta, ofizialki ezagutu du Morenoren kargu-uztea, eta Urrutikoetxea izendatzea erabaki du aho batez. Biak ari ziren Onkologikoaren martxa gidatzen, prozesu horretan Zentroak garapen-maila handia lortu duelarik berrikuntzan eta ikerketan, ospitaleko orientabide estrategikoak ezartzen zuen bezalaxe, Patronatuak berak bultzatuta.
Ander Urrutikoetxearen izendapenaren berri eman ondoren, Onkologikoa Fundazioko Patronatuak bilera egin du Zentroko lehen mailan dagoen lantaldearekin Plan Estrategikoak proposaturiko kudeaketa-ildoak eta helburuak berresteko, eta horiek lortzeko daramaten lan-ildoan aurrera jarraitzera animatu ditu.
Onkologikoa urte hauetan Euskadiko lehen zentrotzat jo izan dute I. faseko onkologia-ikerketa klinikoak egiteko, daudenik eta berritzaileenak, eta oso ondo zehazturiko estrategia du epe luzerako; horren garapena indarturik geratzea espero da Urrutikoetxea doktorearen zuzendaritzapean, berarekin batera lan egingo duelarik Onkologikoaren etorkizun-proiektuan egungo zuzendaritza-talde osoak.
Almudena Morenorekin Plan Estrategikoan proposaturiko beste helburu batzuk ere bete dira. Honela, Zentroaren iraunkortasun ekonomikoari dagokionez, 2015eko ekitaldia bere jardueran superabitarekin amaitu zuen Onkologikoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin duen kontzertua %100 betetzeari esker, baita Zentroaren laguntza-eskaintza handitu izanari eta ospitalean eraginkortasuna eta antolaketa hobea lortzeko neurriak inplementatu izanari esker ere.
Ander Urrutikoetxea (Pasaia, 1971) Medikuntzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (1997), Onkologia Medikoan espezialista Onkologiako Institutu Katalanean (2002) eta doktoregoa Londres eta Bartzelona artean egina (2008). 2002tik gaur arte bularreko minbizia duten gaixoak zaintzea eta arlo horretan zientzia-ebidentzia sortzea uztartu izan ditu. Argitalpen asko egin ditu eta 30 minbizi-entsegu kliniko baino gehiagotan hartu du parte, horietako batzuetan nazioarteko ikertzaile koordinatzaile gisa; bere ibilbidea ikerketaren eremuan Bellvitge-ko Ikerketa Biomedikoko Institutuan (2005-2013) ardaztuta egon zen. 2013an Onkologikoan sartu zen zientzia-zuzendari gisa, eta ardura hori betetzen jarraituko du aurrerantzean ere.