Datorren ostiralean, Irungo Amaia Antzokian 19:30etatik aurrera egingo den galan, Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak, 42. edizioan, emateko ekitaldia izango da.
Joan zen otsailean egin zen deialdia eleberria eta olerki modalitateetan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta erabakia irailean eman zuten jakitera epaimahaiek: gaztelaniazko modalitateetan, Banca Bettschen-ek irabazi zuen eleberri atalean “Juegos de lógica” lanarekin, eta Ramon Reboirasek olerkikoa, “Providencia de apremio” lanarekin. Bestalde, euskaraz idatzitako lanentzako sariak Maixa Zugasti eta “L.A.A.” eleberriarentzat, eta Asier Serrano eta “Denen mina da nirea” olerki liburuarentzat izan ziren.
Lehiaketa honetako sariak 25.000 euro eta garaikurra dira eleberriko irabazleentzat, eta 15.000 euro eta garaikurra olerki modalitateko irabazleentzat. Sariak salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik. Gainera, datorren ostiralean bertan aurkeztuko dira inprimatuta lan irabazleak, literatura-lehiaketa honen beste gauza erakargarri bat.
Ekitaldira joateko gonbidapenak Irungo Turismo bulegoan jaso daitezke.
Guztira 488 lan aurkeztu dira lehiaketara
Guztira jatorrizko 448 lan jaso dira, eta erdiak baino gehiago (228) gaztelaniazko eleberriak dira. Aurkezturiko eleberrien jatorri geografikoari dagokionez, lehen aldiz lehiaketa honetan, Madril da buru 45 lanekin, eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoa, 36 lanekin. Gaztelaniazko olerki atalean 186 lan iritsi dira, eta bigarren modalitatea da kopuru osoari dagokionez. Hemen ere Madril da, 39 poema-libururekin, ekarpen handiena egin duena; ondoren Euskadi, 27rekin, eta Andaluzia 26rekin.
Euskaraz aurkezturiko eleberriak 18 izan dira, aurreko edizioan baino sei gehiago, 17 Gipuzkoatik eta bat Nafarroatik, eta euskarazko olerki atalean sari bila aurkezturiko 16 liburuetatik, 9 Gipuzkoakoak dira, 5 Bizkaikoak, bat Arabakoa eta bat Nafarroakoa.
Epaimahaiak
Lau modalitateetako bakoitza erabaki duten epaimahaiak honako hauek izan dira:
Gaztelaniazko eleberria: Fernando Marías, Marcelo Luján, Raúl Guerra Garrido, Juana Salabert, Luisa Etxenike.
Euskarazko eleberria: Felipe Juaristi, Jon Martín Etxebeste, Jon Kortazar, Marijo Olaziregi, Arantza Urretavizcaya.
Gaztelaniazko olerkia: Antonio Colinas, Angel García Ronda y Manuel Rico.
Euskarazko olerkia: Iñaki Aldekoa, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda.