Iazko ikasturteko arrakastaren ondoren, Kutxa Kultur Moda programak berriro irekiko du bere gunea Tabakalerako instalazioetan, eta bertara joan ahal izango dira beste sei diseinatzaile, beren lana beste eragile batzuekin bizi eta partekatu nahi badute eta lankidetza eta konexioa sorkuntza-iturri gisa baloratzen badituzte.
Gorabidean dauden eta amateur diren diseinatzaileen topagune gisa pentsatu du leku hori Kutxa Kultur Modak, eta besteak beste ikastaroak eta hitzaldiak emango ditu eta, batez ere, era guztietako ekintzak aktibatuko ditu talentuaren zabalkundea sustatzeko, kasu honetan Gipuzkoako diseinatzaileen talentua.
Kutxa Kultur Moda Kutxa Fundazioak sustatzen duen proposamena da, eta sei urte daramatza moda-sorkuntza eta diseinua bultzatzen gure lurraldean, zeren eta Gipuzkoak beharrezko osagai guztiak baititu berriro ere modaren erreferente izateko iraganean izan zen bezala, etorkizun hurbilean enplegua sortzeko ahalmena duen sektore batean. Sorkuntza-eremu honetan esku hartzen duten eragileen artean sareak ehuntzea du helburu programa honek, honela azken urteotan neurri batean hautsitako katea berrosatzen laguntzeko, eta horretarako Kutxa Fundazioak eragileen artean hitzarmenak sinatzea sustatuko du.
Eskaintza
Kutxa Kultur Modak urtebeteko egonaldia eskaintzen du, datorren urrian hasi eta 2018ko urrian amaituko dena, egonaldiaren amaierako Kutxa Kultur Moda desfilean bilduma aurkeztuta.
Hautaturiko sei diseinatzaileei lan egiteko lekua eskainiko zaie Tabakalera eraikinean dagoen Kutxa Kultur Fabrikan; gainera, aholkularitza juridikoa eta prestakuntza ekonomikoa emango zaie profesionalizatzen laguntzeko; prestakuntza tekniko berariazkoa eta banan-banakoa; Kutxa Kultur-ek nahiz beste eragile batzuek sustaturiko ekitaldietan parte hartzeko aukera; ordezkaritza, sustapena eta zabalkundea, Gipuzkoa barruan nahiz kanpoan, beraiek sortutakoak merkaturatzeko bide gisa.
Eta beraien eskura jarriko du ekipamendu garrantzitsua ere: josteko makina industrialak; ebaketa zirkularreko eta puntada ikusezineko makinak; manikiak; bulego partekatua ordenagailu, inprimagailu eta eskanerrarekin; bezeroei arreta emateko showrooma; baita hitzaldi-aretoa eta moda-ibiltokirako lekua ere.
Hautagaiak eta prozesua
Gorabidean dauden eta amateur diren diseinatzaileentzat da Kutxa Kultur Moda programa. Horrelakotzat jotzen dira moda-munduan hasten ari direnak edo ibilbide profesional laburra dutenak. Lehenengo aukeraketan hautagaien izaera berritzaileari emango zaio lehentasuna, eta autonomoak, start-up-ak edo moda-diseinuko azken urteko ikasleak izan daitezke.
Kutxa Fundazioak epaimahai bat izendatuko du moda-munduari profesionalki loturiko pertsonek osatua. Hautaketa egiteko, sormena, iraunkortasun-irizpideak, jantzien akabera, aurkezpena, negozio-eredua ezartzeko ahalmena eta erregulartasunez Kutxa Kultur Fabrikara etortzeko konpromisoa balioetsiko ditu Epaimahaiak.
Izena emateko epea gaur, ekainak 16, hasten da eta irekita izango da irailaren 8ra arte. Epaimahaiaren erabakia 2017ko urriaren 5ean emango da argitara, eta 6 diseinatzaileak aurkeztuko dira Kutxa Kultur Plazan.