Kutxa Kultur Musika musikaren eremuan egonaldi artistikoak egiteko Kutxa Fundazioaren programa da; 2013an sortu zen, gure lurraldean nabarmentzen ari diren talde edo bakarlarien hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko bokazioaz. 2016an Kutxa Kultur Tabakaleran sartuta, programa hau handiagotu egin da ekintza berriekin eta gune berezi bat gehituta.

Bosgarren edizio honetako deialdian Gipuzkoako talde edo bakarlari guztiek parte har dezakete, baldin eta diskografia-kontraturik indarrean ez badute, baina ez da baztertzeko arrazoia lankidetza-kontratu, autoekoizpen edo lizentzia indarrean izatea.

Musika herrikoiak deiturikoetan (rock, pop, folk, egile, reggae, elektronikoa, jazz, heavy, funk...) sartzen diren proposamenak onartuko dira edo horien arteko bat-egite eta fusioak, kanpoan geratuko direlarik musika klasikoa edo ganbera-musika, hauek bai baitituzte beste lehiaketa batzuk Kutxa Fundazioaren jardute-ildoaren barruan. Proposamenen irudimena, talentua eta sortze-kalitatea balioetsiko dira.

Izena emateko epea ekainaren 9an amaituko da. Talde edo bakarlariek gutxienez bi gai bidali behar dituzte helbide honetara: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.. Hautaturiko taldeek lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Kutxa Fundazioarekin, eta hiru denboralditan banaturiko egonaldia eskainiko zaie bertan:

2017ko uztail eta irail artean bilerak egingo dira taldeekin bakoitzaren premiak detektatzeko eta honela, beraien proposamen artistikoaren arabera, beren proiektua garatuko dute komunikazioan, zuzenekoak, diskografia-banaketa, press kit-ak egitea, hedabideentzako aurkezpenak... eta taldeekin adosturiko estrategia ezarriko da egutegi eta guzti. Halaber, aukera eskainiko zaie entsegu edo probetarako lokala izan dezaten, Kutxa Fundazioko espaziotan hautaturiko taldeetako beste batekin partekatuta; hori Tabakalerako laugarren solairuan izango da, 2017ko irailaren eta 2018ko ekainaren artean, eta emanaldi bat programatuko zaie Donostia Kutxa Kultur Festibala 2017-n, irailaren 15 eta 16 artean.

2017ko urriaren eta abenduaren artean prestakuntza emango zaie detektaturiko premien arabera, prestakuntza hori musika-ekoizpen, autoedizio edo sare sozialetako komunikazioari buruzkoa izango delarik. Baita ere eskainiko zaie hainbat gai grabatzeko aukera kanpoko estudio profesional batean, edo bideo klip profesionala egiteko 1500 €-ko balioaz. Denboraldi honetan Kutxa Kultur Plazan ekitaldi bat programatuko da, Tabakalerako laugarren solairuan, eta Kutxa Kultur Musika 2017/18 egonaldi honen barruan taldea aurkezteko balioko du.

Amaitzeko, 2018ko urtarriletik ekainera, gutxienez lau emanaldi programatuko dira. Bat Kutxa Kultur Kluban eta hiru Katapulta Tour-en, hau Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaturiko programa da musika eta arte eszenikoen ekitaldiak eskaintzeko Gipuzkoa osoan. Programa honetan hautaturiko taldeen parte-hartzea automatikoa da, Kutxa Fundazioa eta erakunde honen artean izenpeturiko lankidetza-hitzarmenari esker.

Denboraldi honetan teaser edo bideo dokumental bat grabatuko da egonaldiari buruz, eta taldea sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan aurkeztu eta sustatzeko erabiliko da, eta egonaldiak irauten duen denboraldian, taldeek 2400 €-ko ordainsaria jasoko dute aipaturiko 6 emanaldiengatik hiru aldietan.

Hautaturiko taldeek egonaldian zehar aholkularitza profesionalerako bulegoa izango dute Kutxa Kultur Fabrikan, Tabakalerako laugarren solairuan, eta honen ordutegia, astean lau ordukoa, taldeen premietara egokituko da. Bulego honen zereginen artean honako hauek daude: egoiliarren informazioa bidaltzea aldizkari digital, TB, diskografia-etxe, programatzaile eta jaialdietara; lege-aholkularitza eskaintzea kontratazioaz; argibideak ematea jaialdi, hedabide eta programatzaileekin harremanetan jartzeko; eta sare sozialetako komunikazioari buruzko aholkularitza.

Hautaturiko sei taldeak prentsaurrekoan agertuko dira Kutxa Kultur Plazan datorren ekainaren 22an.