Datorren igandean, Kutxaren Artegunea aretoan, Tabakalera eraikinean, 40.000 pertsona inguruk ikusi ondoren, amaitu egingo da Alberto Schommer… modernitaterantz argazki-erakusketa, joan zen abendutik ikusgai egon dena.

Alberto Schommer erreferente nagusietako bat da Euskal Herriko argazkigintzan. Haren lan guztiaren ezaugarriak dira nortasun indartsua eta haustura formala bilatzeko borondate etengabea, mota guztietako lurralde estetikoak esploratzera eraman zuena. Erakusketa honekin Artegunea aretoak hasitako programazioa aurten oso-osorik argazkigintzari eskainia egongo da. Laster iritsiko da Begoña Zubero bilbotar argazkilariaren erakusketa.

Alberto Schommerren irudiei agur esateko, familientzako azken tailerra izango da igandean bertan 12:00etatik 13:30era, eta han parte-hartzaileen eskura jarriko dira erretratu psikologikoak sortzeko objektu edo gauzakiak, horien bidez azaltzeko nolakoak diren erretratatuak beraien itxura fisikoaz haratago. Egun berean azken bisita gidatuak ere izango dira, 18:30ean euskaraz eta 19:30ean gaztelaniaz; parte hartzeko aretoan bertan edo 943 001730 telefonoan aurrez izena ematea besterik ez da egin behar.