Donostia, 2017ko otsailaren 28a. Ganbera Musikaren zikloa zortzigarren ediziora iritsiko da berritasun garrantzitsu batekin: Andia kalean zuen ohiko esparruaren ordez Donostiako Orfeoiaren egoitzan izango da orain, Alde Zaharrean dagoen San Juan kaleko 6.ean. Ganbera Musikaren zikloak ─Euskadin egiten den bere antzeko bakarra, Kutxaren Gizarte Ekintzak sustatu eta antolatzen duena─ Musikene eta Donostia Musika-ren laguntza du, eta orain baita Donostiako Orfeoiarena ere.

Beste aldaketa bat ere bada zikloaren zortzigarren edizioan, kontzertuen egun eta orduei eragiten diena, aurten ostegunetan izango baitira 20:00etan. Beti bezala, sarrera libre izango da aretoko jarlekuak bete arte.

Ganbera Musikaren ziklo berria datorren ostegunean, martxoaren 2an, hasiko da “Abreu laukotearen” emanaldiarekin; 2015ean sortu zen talde hau Elena Escalzaren babespean Musikenen, eta iazko Musika Hamabostaldian jotzeko aukera izan zuen. Laukotea osatzen dutenak Laura Sánchez (biolina), Alberto Cid (biolina), Inés Moreno (biola) eta Nora López (biolontxeloa) dira. Hasierako kontzertu honetan Beethovenen 4. Kuartetoa Do minorrean, Op. 18, interpretatuko dute, baita Dvoráken 12. Hari-kuartetoa ere Fa maiorrean, Op. 94, “Amerikarra”.

Ganbera Musikaren VIII. Zikloak martxoaren 23an jarraituko du, eta saioan “Alhaurum Sax Quartet” izango da. Martxoaren 30ean, berriz, “Luces y Sombras” boskotea. Apirilaren 27an, “Arteko” hirukoa. Maiatzaren 4an “Assai” haize-boskotearen aukera izango da. Maiatzaren 18an, berriz, “Kantometrics” hirukotea oholtza gainean. Maiatzaren 25ean “Alborada” bikotea izango da, eta ekainaren 8an, zikloa amaitzeko, piano-kontzertua Donostia Hiriko Piano Lehiaketan kalifikaziorik onena lortzen duen Musikeneko ikaslearen eskutik.