Donostiako Kubo-kutxa aretoak Paloma Navares. Argiztapenak erakusketa aurkeztuko du, multimedia-artistaren lau hamarkadako ibilbidea omendu nahian. Paloma Navaresek (Burgos, 1947) gorputza eta teknologia, egunerokoa eta apartekoa, historiaren memoria eta etorkizuneko ametsa edo amesgaiztoa hibridatzen dituen lengoaia bat garatu du. Bere obra aurkezteko euskarri sorta zabala erabiltzen du –instalazioak, argazkia, bideoa, performancea, eskultura, marrazkia, pintura eta abar–, haiek fabrikazio industrialeko objektu eta materialekin konbinatuta, ikusgai egongo direnak Kubo-kutxa aretoan.

Erakusketaren hasierako ekitaldia datorren ostegunean, urriaren 19an, izango da, baina jende guztiarentzat ostiralean irekiko da, eta 2018ko otsailaren 4ra arte izango da ikusgai.

Ostegunean bertan, 11:00etan eta areto berean, Paloma Navares artistak, Rocío de la Villa, erakusketaren komisarioak, Carlos Ruiz, Kutxa Fundazioaren zuzendariak eta Ane Abalde, Kubo-kutxa aretoko zuzendariak erakusketa aurkeztuko dute prentsaurrekoan, eta ondoren bisita gidatua izango da.