Datorren ostiralean, hilak 13, amaituko da 2017an Gipuzkoan egitekoak diren gizarte- eta kultura-proiektuetarako Kutxaren laguntzak eskatzeko epea. Laguntzak emango dituen epaimahaiak proiektua eta Kutxa Fundazioaren helburuekiko egokitasuna balioetsiko ditu, eta aurkezturiko aurrekontuaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna, baita arlo edo kolektibo onuradunarekin duen lan-ibilbidea, bere gardentasuna eta borondatezko lan-plana izatea eta horren gizarte-oinarria ere.


>> Oinarriak (pdf)

>> Eskaera orria

 

01 Aurrekariak

Kutxa erreferentziazko erakundea da Gipuzkoaren garapenean laguntzen duten proiektu ekonomiko nahiz sozialak identifikatu, sustatu, babestu eta eusteko.

Kutxaren eginkizuna eta jarduera, garapen sozio-ekonomikoa, kulturala, artistikoa eta asistentziala eta ingurumen-garapena eta interes orokorreko beste xede batzuen lorpena helburu duten proiektu eta jarduerak sustatu eta mantentzera daude bideratuta.

Ehun urteko historiaren oinordeko izanik, Kutxak bere 2015-2018ko Plan Estrategikoan proiektu eta jarduera horiek sustatu eta gauzatzeko ematen dituen laguntzen emate-prozesua antolatu eta berrikustea komenigarria dela adierazi du.

2016ko martxoan Kutxak horrelako lehen deialdia egin zuen. 302 erakunde aurkeztu ziren guztira, eta haien proiektuen artean 147 proiektu hautatu ziren. Urte bereko azaroan, 2017an garatu beharreko gizarte- eta kultura-proiektuetarako laguntza-deialdiaren bigarren edizioaren oinarriak jendaurrean aurkeztu zituen Kutxak.

 

02 Helburua

Deialdi honen helburua da hainbat eremutan proiektuak garatu eta sustatzen dituzten erakunde eta entitateei laguntzea, besteak beste honako eremu hauetan: gizarte-laguntza eta gizarteratzea, osasuna, dibertsitate funtzionalerako eta desgaitasunerako arreta, hezkuntza eta prestakuntza, euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren garapena, kultura, kirolaren eta kirol-balioen sustapena, lankidetza, genero-berdintasuna bultzatzea, kulturarteko edo jendarteko bizikidetza, zientzia-ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoa, ingurumena eta iraunkortasuna, gazteak eta bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboak laneratzeko laguntza etab.

03 Elkarte eta erakundeei eskatu beharreko baldintzak

Beren titulartasun juridikoa edozein izanik ere, legez eratuta egon behar dute, gutxienez urtebeteko antzinatasuna eduki behar dute eta Gipuzkoan sustraituta daudela egiaztatzeko moduan egon behar dute. Zerga- eta lan-betebeharretan egunean egon behar dute, dagokien Erregistroan inskribatuta. Hala badagokio, aurreko laguntza-deialdietan Kutxa Fundazioak emandako laguntzak justifikatuta eduki behar dituzte. Bi erakundek edo gehiagok elkarrekin aurkeztutako proiektuetan erakunde batek kudeatzaile gisa agertu beharko du. Administrazio publikoek aurkezten diren proiektuen erakunde laguntzaile gisa bakarrik parte hartu ahal izango dute, Kutxak proiektu horiei ematen dien laguntzen osagarriak izango diren laguntzak lortzeko xedez.

 

04 Proiektuei dagokienez

Laguntzak ahalik eta erakunde kopururik handienari emateko xedez, erakunde bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahal izango du, dagokion aurrekontuarekin batera, eskaera 02 puntuan deskribatutako eremu-zerrendako zein eremuri lotuta dagoen identifikatuz.

 

05 Proposamenen balorazioa

Modu positiboan balioetsiko dira Kutxaren Plan Estrategikoa gidatzen duten printzipioekin lerrokatutako proiektuak. Gipuzkoako hainbat agenteren esku-hartze koordinatu eta osagarria bultzatzen dutenak. Praktika berritzaileak eta gizarte-eraldakuntzakoak garatzen dituztenak. Boluntarioen kudeaketa eta parte-hartzea sustatzen dutenak. Efizientzia-irizpideak kontuan izanik bideragarritasun soziala eta ekonomikoa dutenak, eta garatzeko aurreikusi diren jardueren jasangarritasuna bermatu dezaketenak. Beren jardun-eremuan edo aurkeztutako proiektuaren xedean genero-berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea biltzen dutenak.

 

06 Entitate, erakunde eta elkarteen balorazioa

Honako hau balioetsiko da: proiektua bera, proiektua Kutxa Fundazioaren xedeetara egokitzea, aurkeztutako aurrekontuaren bideragarritasuna eta jasangarritasuna, eta esparru edo kolektibo onuradunarekin egin duen lan-ibilbidea. Gardentasuna. Boluntariotza-plan bat eta gizarte-oinarri zabala edukitzea ere balioetsiko da.

 

07 Proiektuen ezaugarriak

Baztertuta geratuko dira laguntza ematen den eguna baino lehenago egin diren gastuak finantzatu nahi dituzten proiektuak, eta era berean deialdi honetan arautzen diren laguntzen aplikazio-epea amaitu ondoren (2017ko abenduaren 31) egindako gastuak finantzatu nahi dituzten proiektuak ere baztertuta geratuko dira.

 

08 Kutxaren ekarpen ekonomikoa

Laguntzak ahalik eta proiektu kopuru handienari emateko, eta orientatzeko erreferentzia gisa, deialdi honen bitartez emango diren kopuruak honako hauek izango dira:

         >> 50.000 €-tik gorako exekuzio-aurrekontua edo guztizko zenbatekoa duten proiektuak: Kutxak emango duen laguntza gehienez ere aurrekontuaren % 25 izango da.

         >> 50.000 €-tik beherako exekuzio-aurrekontua edo guztizko zenbatekoa duten proiektuak: Kutxak emango duen laguntza gehienez ere aurrekontuaren % 75 izango da.

Osorik finantzatu beharreko zenbatekoak, hala Kutxak emandako laguntzengatik nola proiektuak jasotzen dituen beste laguntza osagarri batzuengatik lortu denak, ez du gaindituko proiektuaren guztizko zenbatekoa edo aurrekontua.

 

09 Proiektuen aurkezpena

Proposamenak ahalik eta zehaztasun handienarekin idatzi behar dira, eta proiektuaren indarguneak modu nabarmenean azaldu behar dira. Horretarako, deialdi honi gaineratzen zaion inprimakia bete behar da. Era berean, aurkeztu behar dira proiektuaren memoria, erakundearen azken ekitaldiaren memoria, eta oinarri hauetako 03. puntuan baldintza gisa adierazi diren dokumentazioa eta ziurtagiriak.

 

10 Dokumentazioa

Dokumentazioa Kutxaren egoitza sozialera bidaliko da: Mikeletegi pasealekua, 79. zk. (Arbide Dorreak), 20009 Donostia. Posta elektroniko bidez ere bidali daiteke, honako helbide honetara: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..

 

11 Aurkezteko epea

Laguntzak eskatzeko epea 2016ko azaroaren 25ean zabalduko da, eta aurkezteko azken eguna 2017ko urtarrilaren 13a izango da, 15:00etan.

 

12 Ebazpena

Kutxaren Patronatuak, bidezkotzat jotzen dituen espezialisten aholkularitzarekin, proiektuak ebaluatuko ditu eta deialdi honetan eman beharreko laguntzei buruzko aurrehautaketa 2017ko martxoaren 31 baino lehen ebatziko du. Erakunde eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dio erabakia, eta era berean www.kutxa.eus webgunearen eta bidezkotzat jotzen dituen bitarteko eta sare sozialen bitartez jakinaraziko du.

 

13 Lankidetza-hitzarmena

Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du laguntza emango dien proiektuen entitate, erakunde eta elkarte bakoitzarekin. Laguntzaren zenbatekoa, erakunde eskatzaileak Kutxabanken titular gisa duen kontu batean ordainduko du, bi epetan: % 75 lankidetza-hitzarmena sinatzen denean, eta gainerako % 25 proiektuaren exekuzioko azken memoria aurkeztu eta onartzen denean; memoria 2018ko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen entregatu behar da. Proiektuaren exekuzioa ez bada amaitzen, Kutxak lehen epean emandako dirua erreklamatzeko eskubidea izango du.

 

Laguntzen deialdia eta laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak Kutxako Patronatuak erabaki zituen 2016ko azaroaren 23an.