Kutxa Kultur Plazan dagoen Karakorum erakusketaren inguruan antolaturiko mendi-astean orain arte protagonista izan dira Alex Txikon alpinista, Iztueta eta Arza abenturazaleak eta Iker Elorrieta zinemagilea, eta datorren ostiralean Alberto Iñurrategirekin amaituko da. Mendigoizale honek “Porrotaren alde” ikus-entzunezko ekoizpena aurkeztuko du eta Pilar Kaltzada kazetariak solasaldia mantenduko du. Datorren ostiraleko 19:00etan izango da Ruiz Balerdi aretoan, Tabakalera eraikinean.


Karakorum
Mikel Alonsoren argazki-erakusketa, Baltistan Fundazioak sustatua.

2017ko urtarrilaren 8ra arte
Ordutegia: Tabakalera eraikina zabalik dagoen orduetan

Erakusketa honetako argazkiak 2014ko irailean egin ziren Hushé Haranean, Pakistanen, Baltistan Fundazioko boluntarioekin egindako bidaia batean.

Karakorumeko urruneko herrixka batzuetan bizi den jendearen aurpegiak eta begiradak dira. Herrixka horiek nahitaezko pasabide dira Planetako hainbat “zortzi milakotara” joateko. Edertasun zirraragarria du haran horrek, baita muturreko gogortasuna ere, eta bertan dihardu Baltistan Fundazioak, eta bertan 16 urte baino gehiago daramatza lan solidario garrantzitsua egiten, eskolak eta Emakumea Sustatzeko Zentroak sortzen.