Kutxa Kultur Moda programak beste urrats bat egin du eta Tabakalerako instalazioetan gune propioa ireki duela jakinarazten du; bertara jo dezakete beren lana beste eragile batzuekin bizi eta partekatu nahi duten eta lankidetza eta konexioa sorkuntza-iturri gisa baloratzen dituzten diseinatzaile guztiek.
Leku hori diseinatzaile amateurren topaketa-gune gisa pentsatu du Kutxa Kultur Modak, eta besteak beste ikastaroak eta hitzaldiak emango ditu eta, batez ere, era guztietako ekintzak aktibatuko ditu, Gipuzkoako diseinatzaileen talentuaren zabalkundea sustatuko dutenak.
Kutxa Fundazioak duela sei urtetik hona sustatzen duen proposamena da Kutxa Kultur Moda, Gipuzkoan modaren sorkuntza eta diseinuaren munduari laguntzeko helburuarekin. Sorkuntza-eremu honetan esku hartzen duten eragileen artean sareak ehuntzea du helburu, honela azken urteotan neurri batean hautsitako katea berrosatzen laguntzeko.
Eskaintza
Kutxa Kultur Modak urtebeteko egonaldia, datorren irailean hasiko dena, eskainiko du. Sei diseinatzaile hartuko ditu eta horiei leku iraunkorra emango die Kutxa Kultur Fabrikan; aholkularitza juridikoa eta prestakuntza ekonomikoa profesionalizatzen laguntzeko; prestakuntza tekniko berariazkoa eta banan-banakoa; Kutxa Kultur-ek nahiz beste eragile batzuek sustaturiko ekitaldietan parte hartzeko aukera; ordezkaritza, sustapena eta zabalkundea, Gipuzkoa barruan nahiz kanpoan, beraiek sortutakoak merkaturatzeko bide gisa.
Eta beraien eskura jarriko du ekipamendu garrantzitsua: josteko makina industrialak; ebaketa zirkularreko eta puntada ikusezineko makinak; manikiak; bulego partekatua ordenagailu, inprimagailu eta eskanerrarekin; bezeroei arreta emateko showrooma; baita hitzaldi-aretoa eta moda-ibiltokirako lekua ere.
Hautagaiak
Kutxa Kultur Moda programa diseinatzaile amateurrentzat da. Horrelakotzat jotzen dira moda-munduan hasten ari direnak, edo lanbide-ibilbide laburra dutenak. Lehenengo aukeraketan hautagaien izaera berritzaileari emango zaio lehentasuna, eta autonomoak, start-up-ak edo moda-diseinuko azken mailako ikasleak izan daitezke.
Oraindik ez bazaitugu ezagutzen, eta modaren inguruan egingo dugun lan guztiaren berri izan nahi baduzu, jar zaitez harremanetan gurekin inprimaki hau betez.