Kutxa Fundazioak garatzen dituen jardueren barruan, Gipuzkoako moda sortu eta diseinatzen duen munduari laguntzeko plataforma izatea da Kutxa Kultur Moda programaren eginkizuna. Programa honen helburua probintzian gora egiten ari diren diseinatzaileak eta amateurrak bultzatzea, prestatzea eta sustatzea da, etorkizun hurbilean beren ibilbide profesionala garatu dezaten modaren sektorean.

Deialdi honek gure egonaldi-programa bultzatu eta Gipuzkoan gora egiten ari diren eta amateur diren sei diseinatzaileren hazkunde eta garapen profesionala sustatu nahi du.

Hautatuei lekua eskainiko zaie beren lana egin dezaten Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Fabrikan, baita beraien bildumak sortzeko baliabideak, prestakuntza, sustapena eta aholkularitza profesionala ere.

Egonaldiek urtebeteko iraupena izango dute. 2017ko urrian hasiko dira eta 2018ko urrian amaituko dira bilduma Kutxa Kultur Moda desfilean aurkezten dutenean, horrela amaituz beraien egonaldia. 


DEIALDIAREN OINARRIAK. EGONALDIAK 2017ko urria-2018ko urria

 

Eskabide-formularioa (deskargatu pdf-a)


01

ZER ESKAINTZEN DUGU?
Kutxa Fundazioak hau eskainiko die hautaturiko diseinatzaileei:

Prestakuntza

« Ekonomikoa. Lehen hiruhilekoan beharrezko prestakuntza eskainiko da negozio-eredu eta plan bat zehazteko.
« Teknikoa. Moda, marketin, iraunkortasun, sare sozialetako eta beste eremu batzuetako komunikazio Masterclass-ak emango dira, egoiliarren premia generikoak eta haietako bakoitzaren premia bereziak aztertu ondoren.

Egonaldia

Kutxa Kultur Fabrikan langune bat lagako da, honako hauez hornituta:

→ Industria-ekipamendua: josteko makinak, arraste hirukoitzekoak, puntada ikusezinekoak, konpontzeko makinak, estaltzekoak, ebakitzekoak, lisakinak, ebaketa eta patroigintzako mahaiak, asto eta maniki doigarriak eta erakusketakoak.
→ Estudioa eta banako boxak.
→ Bezeroen arretarako showrooma.
→ Banako armairuak.
→ Jendearentzako erakusketa-gunea Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Sustapena

Egonaldian sustapen-bideoa grabatuko zaie Kutxa Fundazioaren sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan zabalduko dena. Gainera, diseinatzailearen informazioa moda-aldizkari, sektoreko enpresa eta estatuko ekitaldi eta moda-ibiltokietara bidaliko da. Kutxa Fundazioak probintziako hainbat gunetan topaketak antolatuko ditu bezero izan daitezkeenekin, diseinatzaileak mundu profesionalean errazago sar daitezen.

Desfileak

Kutxa Fundazioak gutxienez bi desfile antolatuko ditu: bata Tabakaleran, Kutxa Kultur Plazan, eta hautaturiko diseinatzaileen aurkezpen-gutuna izango da hori; bestea egonaldiaren amaierako Kutxa Kultur Moda desfilea izango da, non diseinatzaileek azken lana erakutsiko duten, eta hor nahitaez 10 look sartu beharko dituzte.

Kultura-bisitak

Kutxa Fundazioak, probintziako kultura-eragile gehienekin dituen sareen bidez, hainbat bisita sustatuko ditu diseinatzaileek gure lurraldearen historia eta kultura hobeto ezagut ditzaten, inspirazio-iturri ere izan daitezke eta.

Diru-esleipena

Kutxa Fundazioak 1.000 euro esleituko dizkio egoiliar bakoitzari egonaldi-amaierako desfile-bildumarako materiala erosteko xede bakarraz, eta fakturak aurkeztu ahala egingo da horren ordainketa.

 

Prestakuntza-saioetara erregulartasunez joatea, ezarritako epeetan negozio-plana aurkeztea, irizpide iraunkorrak erabiltzea eta Kutxa Fundazioak antolaturiko desfileetara joatea: nahitaezko betebeharrak izango dira Kutxa Kultur Moda egonaldi-deialdi honetan hautaturiko diseinatzaileentzat, eta horiek ez betetzea parte-hartzea bertan behera utzarazteko arrazoi izan daitezke.


02

PARTEHARTZAILEAK
Deialdi honetaz balia daitezke gora egiten ari diren diseinatzaileak edo/eta amateurrak, eta horrelakotzat hartuko dira moda-munduan hasten ari direnak edo ibilbide profesional laburra dutenak, gipuzkoarrak edo gipuzkoar izan gabe Gipuzkoan bizi direnak, betiere betetzen badute hartutako konpromisoa, hots, erregulartasunez joatea Kutxa Fundazioak beraien garapen profesionalera zuzenduta egonaldien esparruan antolatuko dituen prestakuntza-saio, bilera eta ekitaldietara.


03

IZENA EMATEKO EPEA
2017ko ekainaren 16tik irailaren 8ra.

 

04

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

  • Eskabide-formularioa behar bezala beteta
  • Negozio-eredua eta -plana, garatuta edo garatuko dena.
  • Lau ziriborro “jantziak” kategorian. Zirriborro bakoitzak gutxienez DIN A3 tamainako (42 cm x 29’7 cm) irudikapena izan behar du, aurretik eta atzetik ikusita. Zirriborroen teknika eta gaia librea da.
  • Deskribapen zehatza ere gehituko da, gehienez 500 hitzekoa, eta hor sartu behar dira:

1. Deskribapena edo bilduma-lerroak.
2. Inspirazio-motiboa.
3. Irudi eta zehaztapen teknikoak.
4. Bilduma-motaren adierazpen argia: emakumezkoa/gizonezkoa/haurra.
5. Erabiliko diren materialen deskribapena eta laginak.

Aurreko lau zirriborroetako bat erabat burututa aurkeztu behar da zehazturiko materialetan.


05

EPAIMAHAIA
Kutxa Fundazioak epaimahai bat izendatuko du moda-munduarekin profesionalki erlazionaturiko pertsonek osatua. Epaimahai honek hamar proposamen onenen aurre-hautaketa egingo du.

Hautaketarako honako hauek balioetsiko dira:

  • Sormena
  • Iraunkortasun-irizpideak
  • Jantzien akabera
  • Aurkezpena
  • Negozio-eredua ezartzeko ahalmena
  • Kutxa Kultur Fabrikara erregulartasunez etortzeko konpromisoa

06

ELKARRIZKETA
Banako elkarrizketa egingo zaie aurrez hautaturiko hamar diseinatzaileetako bakoitzari, eta hor beren proiektua defendatu beharko dute Kutxa Kultur Modako arduradunen eta epaimahaiaren aurrean, eta proposamen onenen artetik sei parte-hartzaile hautatuko dituzte..

 

07

ERABAKIA
Epaimahaiaren erabakia prentsaurrekoan jakinaraziko da eta bertan aurkeztuko dira 6 diseinatzaile hautatuak; prentsaurrekoa Kutxa Kultur Plazan izango da, Tabakalera eraikineko laugarren solairuan, 2017ko urriaren 5ean. Prentsaurreko horren ondoren Kutxa Kultur Fabrika, moda-programara zuzendutako gunea, ikusi ahal izango da..

 

08

DOKUMENTAZIOA BIDALTZEA

  • Formularioa eta eskaneaturiko zirriborroak hona bidali behar dira:Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..
  • Egindako jantzia, formularioaren kopiarekin eta zirriborroekin batera, Kutxa Kultur-en informazio-gunean entregatu behar da Tabakalerako laugarren solairuan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera, gutun-azalean hau jarrita: Kutxa Kultur Moda / 2017/18 deialdia.