Kutxa Fundazioak 42. edizioan deituriko Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarietan, lanak jasotzeko epea amaitu denean ikusten denez, parte-hartzeak markak hautsi ditu zenbait modalitatetan. Honela izan da, nabarmen, euskarazko eleberrian eta gaztelaniazko olerkian. Guztira jatorrizko 448 lan jaso dira, eta erdiak baino gehiago (228) gaztelaniazko eleberriak dira. Gaztelaniazko olerki atalean 186 lan iritsi dira, eta bigarren modalitatea da kopuru osoari dagokionez. Euskaraz aurkezturiko eleberriak 18 izan dira, aurreko edizioan baino sei gehiago, 17 Gipuzkoatik eta bat Nafarroatik. Euskarazko olerki atalean sari bila aurkezturiko 16 liburuetatik, 9 Gipuzkoakoak dira, 5 Bizkaikoak, bat Arabakoa eta bat Nafarroakoa.
Sari ospetsu hauek berreskuratzeaz gain, epaimahaiak osatzen zituztenetako asko berreskuratu ditu Kutxa Fundazioak, kide horiek eragin erabakigarria izan baitute lehiaketa honen ospe eta izen onerako, literatura sortu eta zabaltzea sustatzeko helburuaz betiere.
Joan zen otsailaren 1ean argitara eman ziren lehiaketako oinarrien arabera, Olerki modalitatean errima, neurri eta gai askeko lanak aurkez zitezkeen, baina gutxienez 800 bertsokoak; eta saria 15.000 euro eta garaikurra. Eleberri modalitatean, gai eta narrazio askeko lanak, gutxienez 150 foliokoak; saria 25.000 euro eta garaikurra. Sariak salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz.
Lan irabazleen aldarrikapena Irungo Udaletxean egingo da 2017ko irailaren 23an. Ekitaldi honetan sariak noiz emango diren ere jakinaraziko da.