Aurten ere Kutxa Fundazioak babestuko du Liburuaren Egunaren ospakizuna, apirilaren 23an Donostiako Gipuzkoa Plazan egin ohi dena. Kutxak stand propioa izango du bere argitalpen-jarduera apal baina etengabearekin, eta bertan izango dira Donostiari buruzko azterketa historikoen buletinak, bere aretoetan egiten dituen erakusketen inguruan argitaratzen dituen katalogoak, eta berak sustatzen dituen literatura-lehiaketetan (eleberria eta olerkia Irun Hirikoetan, eta kontakizunak eta antzerkia Donostia Hirikoetan) irabazle izandako liburuak.

 

Igandean, apirilak 23 // 9:30etatik aurrera
Lekua: Gipuzkoa Plaza, Donostia

Liburuaren Azoka
  • Antolatzailea: Gipuzkoako Liburudenden Elkartea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkupeetan liburuak erakutsi eta saltzeko 14 stand-ak jarriko dira. Ordutegia: 9:30etik 21:00etara.
  • Liburuetan % 10eko deskontua egingo da stand guztietan.
  • Egunean zehar 300 liburu zozketatuko dira.
    Jendeak txartel bat jasoko du, Azokako stand-etan gastatzen duen 5 euroko. Txartela saritzen bada, saridunak liburu bat jasoko du une horretantxe, plazako karpan.
  • “Pintxo-liburua”: Erosketetako 10 € bakoitzeko, euro bateko deskontu-balea lortuko duzu, Bide Luze tabernetan edozein pintxo jateko (Gipuzkoa Plaza eta Garibai kalea).
  • Horrez gain, Azokan erakusmahaia jarri duten liburutegiek 30 minutuko txartelak oparituko dituzte Okendoko parkingetarako.
  • Lore Artean-ek, Gipuzkoako Loradenden Elkartea, stand bat jarriko du eta larrosak erosteko deskontu-baleak eskainiko ditu.