Datorren maiatzaren 20an, larunbatean, Olatu Talkan antolaturiko jardueren barruan, 10:30etik 13:30era Gipuzkoa Solidarioak zenbait jarduera inklusibo programatu ditu Donostiako Boulevardean Bihotz-izpien Txokoa izenpean. Jolasak, tailer edo lantegiak, eta Batucada ere bai. Bestalde, Kutxa Ekoguneak “Egunkari-paperez egindako saskiak” ikastaroa ere emango du 11:00etatik 14:00etara Donostiako Konstituzio plazan. Jarduera hauek guztiak doakoak izango dira.
Olatu Talka kultur jaialdia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektua bultzatzeko jaio zen 2010ean; behin Kultur Hiriburutza bukatuta, Olatu Talkak bere ibilbidea jarraitzen du, orain arteko helburu berei loturik eta hiria egin leloari jarraituz.
Jaialdiaren helburu nagusia hiritarren parte-hartzeari bultzada ematea eta hiritarrak kultur eragile aktibo bihurtzea da, eta horregatik jaialdiaren berezitasun nagusia da programazioa herritarrek berek egiten dutela eta era guztietako jarduera eta dinamikek dutela lekua.