Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurtengoan ere Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena. Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin eta hizkuntza praktika ekologikoak sustatzea dute helburu. Bosgarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.
Bost urtetako ibilbidea duen proiektua da Euskararen Ginkana eta urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile ezberdinekin batera, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.
Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Bilakaera honen lekuko dugu gaurko aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskararen Etxean, emango zaio hasiera lehiaketaren 5.edizio honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.
Aurtengo edizioaren gaia: Hizkuntza praktika ekologikoak
Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratua. Hamabost egunero hizkuntza bat hiltzen ari den garai honetan, hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!
Informazio gehiago eta izen emateak:
www.euskararenginkana.eus
Saria 3.000€