Alberto Schommer… modernitaterantz, gasteiztar artistaren lanaren erakusketa osoa, Kutxa Kultur Artegunearen erakusketa-proposamena da Kutxak Tabakalera eraikinean duen areto berriaren bigarren urtean.

Alberto Schommer Gasteizen jaio zen 1928an. Laster interesatu zitzaion margolaritza, zinema eta argazkigintza, eta azken honetan bere aitak, Albrecht Schommer Koch argazkilari alemanak, 1922tik aurrera Arabako hiriburuan izan zuen estudioan hasi zen. Hemendik, Alberto gazteak argazkigintzaren oinarriak “azpikoz gora jarri zituen”, argiak aldatuz:argi bakarra erabiliz eta itzalak kartoi mehe zuriz argituz.

Erreferenterik garrantzitsuenetako bat da herrialde honetako argazkigintzan. Haren lan guztiaren ezaugarria nortasun ahaltsua izan da eta haustura formalerako borondate etengabea, era guztietako eremu estetikoak esploratzera eraman duena.

 

Erakusketa

"Alberto Schommer… modernitaterantz" erakusketak jeinuzko artista eta Espainia eta Europako argazkigintza modernoaren aitatzat jotzen denaren ibilbidea erakusten du. Erakusketa osatzen duten 89 lanak serietan bilduta daude eta hiru eremu handitan banatuta:

Lehen Aroa. 1950-60ko hamarkada hartzen du. Garai honetan Gasteizen, bere jaioterrian, lehen irudiak egin zituen, egile-baieztapenaren ariketa gisa: konposizio zainduak, gramatika pertsonalarekin, nagusi zen piktorialismo berantetik urrundutakoak.

Hiri-agertokiak eta -paisaiak. Abstrakzio kromatiko selektiboaren bidez, bitasuna lortu zuen bere bi serieen artean:Máscaras (Mozorroak) eta Paisajes negros (Paisaia beltzak).Bere hiri-agertokietan, hizkuntza propioa egitea lortu zuen:piktorikoa, kontzeptuzko konnotaziorik gabea, Walker Evans edo Robert Frank-en ñabardurekin.

Eszenaratzea eta Esperimentazioa. Alberto Schommer-ek ihes egiten du errealitatearen transkripzio hutsetik eta argazkigintzaren mugetan kokatzen diren lanak metatzen ditu, esperimentazio formalari loturiko era guztietako teknikaz eta euskarriz baliatuz. “Esperimentazioari” eskainitako atal honetan lortzen du askatasunik gorena, bere margolaritzako hastapenetara hurbilduz Flores (Loreak) edo Civilizaciones (Zibilizazioak) bezalako serietan, Cascografías-ekin eskulturara iristeko.

 

  • 2016ko abenduaren 2tik 2017ko martxoaren 19ra
  • Asteartetik igandera: 11:30-13:30 // 17:00-21:00
  • Sarrera librea

 

Artegunea Schommer1200x600

 


Harremana

Kutxa Kultur Artegunea
Andre zigarrogileak plaza, 1 (Tabakalera). 20012 Donostia

T- [+34] 943 001 730  ¦  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.  ¦  kutxakulturartegunea.eus