Marta Cárdenas, Gonzalo Chillida eta Jesus Mari Lazkanoren margolaritzari eskainitako erakusketen ondoren, Ricardo Martín argazkilariari eskainiko dio kubo-kutxa aretoak laugarren erakusketa, Europako kultura-hiriburutzaren urtearen harira antolaturiko programazio bereziaren barruan. Ricardo Martín. Argazkilari eta ikuslea 2017ko urtarrilaren 22ra arte luzatuko da. Kubo-kutxa aretoak berreskuratu duen argazkilari honen lana ezaguna zen, Donostiaren argazkiak egin baitzituen hiria bere urrezko aroetako batean zegoenean, baina bera oharkabean pasa izan da egile gisa.
Ricardo Martín
Ricardo Martínek 1914an hasi zuen bere karrera profesional edo lanbidea, aldizkari grafikoak beren goren aldian zeudenean. Argazki-estudioa Donostian Hondarribia kalean jarri zuen, eta geroago, 1915eko apirilean, Photo-Carte izenaz inauguratu zuen.
Ricardo Martín eta haren laguntzaileak egunero ibiltzen ziren hondartzan eta erreferentziazko lekuetan. Haien argazkiek modaren azken joeren berri ematen zuten, emakumeak bainu-jantzi berriekin paratzen zirelarik. Ez ziren ezusteko argazkiak, baizik eta berariaz dotorezia bilatzen zutenak irudietan. Askatasunaren Hiribidea, Kontxako Paseoa eta batez ere de Londres y de Inglaterra hotelaren izkina bihurtu ziren haien agertoki edo jokaleku.
Fotocar Futsa Fototekan
1973an Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak hasieran Photo-Carte izan zen Fotocar-en argazki-funtsak eskuratu zituen. 70eko urteetan eskuratutako Foto Marín-en funtsa eta aipaturiko Fotocar funtsa dira gaur egungo Kutxa Fundazioaren Fototekaren oinarriak; argazki-bilduma honek 40 argazki-funts baino gehiago batzen ditu 800 argazkilari ingururen lanekin.
Ricardo Martín. Argazkilari eta ikuslea
Kubo-kutxa Aretoa
- 2016ko azaroaren 4tik 2017ko urtarrilaren 22ra
- Asteartetik igandera: 11:30-13:30 // 17:00-21:00
- Komisarioa: Juantxo Egaña
- Sarrera libre