Abuztu osoan eta irailaren 24ra arte, Balerdi (1934-1992) erakusketa antologikoaz gozatzen jarraitzeko aukera dago Kubo-kutxa aretoan. Egile oparo honen 98 lan daude: olio-margoak, marrazkiak, “klarion” ezagunak eta Homenaje a Tarzán I: La cazadora inconsciente filma ere bai. Sortzaile kartsua, oldarkorra, kementsua, Rafael Ruiz Balerdiren kolorez beteriko lanek haren keinuak, trazuak, mugimenduak irudikatzeko aukera ematen digute. Erakusketan izango da Balerdiren ibilbidean garrantzitsuena izan den pieza ere, formatu handiko olio-margoa: El Gran Jardín (Lorategi Handia). Eta erakusketaren inguruan, larunbatero, familia-tailerrak eskainiko dira 12:00etatik 13:30era, 5-11 urte arteko haurrentzat, non Balerdiren kolorea eta forma abstraktuak esploratuko diren intuiziotik eta inprobisaziotik, eta bisita gidatuak: 18:30ean euskaraz eta 19:30ean gaztelaniaz.
Informazioa eta erreserbak: 943 012 400 // Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..
Artista
Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934 - Alacant, 1992).
Nerabezaroan, paisaien eta erretratuen hasiera figuratiboa izan zuen. 1955ean, berriz, Eduardo Txillida adiskideari esker, nazioarteko abangoardiaren hizkuntzak ezagutu zituen, eta Kubismoaren zein Espazialismoaren eraginpeko obrari heldu zion. Hamarkada horretako azken urteetan, Goyaren margolan beltzen eta Europako Abstrakzio Lirikoaren eraginez, arnas poetiko handiko obra oso fin eta egikaritze sentsualekoa margotu zuen. 1960. urtean, behin betiko haustura etorri zen, eta muturreko informalismorako bidea hartu zuen, bere prozesurik originalerako atea ireki ziona.
Balerdi (1934-1992)
Kubo-kutxa Aretoa (Zurriola, 1. 20002 Donostia)
- 2017ko ekainaren 9tik irailaren 24ra
- Asteartetik igandera: 11:30-13:30 // 17:00-21:00
- Komisarioa: Javier Viar Olloqui
- Sarrera doan