Gaur arratsaldean hasierako ekitaldia egin eta bihar irekiko da jendearentzat Kutxak Tabakaleran duen Artegunea aretoan Begoña Zubero argazkilari bilbotarraren Gente del Po erakusketa. Hurbiltze bat da, pertsonal eta dokumental artekoa, Po ibaiaren (Italia) inguruko natura- eta giza paisaiara. Erakusketa hau dela-eta, Arteguneak bere lehen katalogoa, 223 orrialdekoa, argitaratu du, aretoan ikusgai dauden lan guztiak erreproduzitzen dituena, bertan dagoelarik 1939ko apirileko Cinema aldizkariaren erreprodukzio faksimilea ere, non argitaratu baitzen Antonioniren artikulua, nolabait ere erakusketaren abiapuntua.